Teknologia albisteak

Goierriko EGIko argazki bilduma historikoa ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-29 : 10:35

Aurreko post batean Goierriko EGIk 90eko hamarkadan publikatzen zuen Ekin Aurrera aldizkariarekin egindako lana jarraituz, oraingoan Goierriko EGIk bere jardunean ateratako argazki bilduma osoa digitalizatu eta denontzat eskuragarri jarri dugu.

Legorretako murala

1992-1999 urte tartea hartzen duen denbora tartea oparoa izan zen Goierriko EGIren barnean politika egiten genuen gazteontzat. 1970ko hamarkadaren baby-boomaren ordezkariak ginen. Gure jardun politikoaren hastapenetan ekintzak eta ekimenak dokumentatzeari garrantzirik ematen ez bagenion ere, horren garrantziaz Ekin Aurrera aldizkaria publikatzen eta banatzen hasi ginenean ohartu ginen: Dokumentatu ez dena ez da izan.

Horren jabedun izanda, 1994. urtean Goierriko EGIren xoxekin argazki kamera konpakta  bat erosi genuen eta hortik aurrera bilduma osatzen joan zen.

Argazki bilduma ia 1000 argazkiz osaturik dago, horietatik +/- 170 esanguratsuenak GBBren Flickr atarian ikusgai dituzuelarik. Argazki bilduma honen denbora tartea laburra izanik, sailkapena urteka egin dugula ikusiko duzue.


Bertan igota daudenen kontestua azaltzeko asmoz, katalogazio eta ikerketa lan handia egin beharra izan da: Lehenik argazki eta negatiboak zerrendatzeko eta sailkatzeko irizpidea ezarri, jarraian data ahalik eta zehatzenak ezarri, lekuen geokokapenak atxikitu, etiketak idatzi… horiek denak argazkien metadatuetan txertaturik daudelarik, argazkiren bat eskuratzen baduzue argazkia den fitxategi digitalarekin batera eskuratuko dituzue.

Lan metodologia

Ekin Aurrera aldizkariaren digitalizazio lanak bezala, argazkien digitalizazio lanak ere profesionalen esku utzi ditugu ta argazki bilduma osoa, (ia 1000 argazki eta negatibo), lan hauetan eskarmentu handia duen Gureak taldeko GUDATeko profesionalen esku utzi genuen.

GUDATetik TIFF eta JPG formatuetan gordetako ale digitalak jaso ahala, beraien metadatuak editatzea ekin zitzaion, (ezinbesteko lana Googlek eduki hauek indexatzea nahi bada) eta katalogazio lana oso-oso neketsua izan dela aitortu beharra daukagu.

Edukiak

Argazki bilduman murgiltzen bazerate denetik dagoela ikusiko duzue: Pankartak, muralak, jardun politikoa… horiek denak Goierriko EGIko argazki bildumakoak direla ezartzeko, irizpide bezala Goierriko EGIko diruarekin ordaindutakoak zirela jarraitu dugu. Alegia, argazkigintza analogikoa zenean, roiloak rebelatzea kostu bat zuen eta kostu hori Goierriko EGIk bere gain hartu bazuen, bildumako parte dira.
EGIko jardun politikoa dokumentatzearekin batera, Ekin Aurrera aldizkariarentzako erabilgarriak izan zitezken argazkiak ateratzen genituen.

Hau horrela izanda, akaso bilduma bistaratzerakoan arraroa egingo da 1995eko Tuterako Nafarroa Oinezko edo Beasainen Ertzaintzari elkartasuna adierazteko ekimenaren argazkiak ikustea: Agerikoa da ez direla Goierriko EGIko jardunak, Ekin Aurrera aldizkarirako erabili zitezken ateratako argazkiak baizik. Txiripaz ateratako argazki hauetako bat, urteetan EGIko ekitaldietan erabili zen Usurben 1997ko Aberri Egunean ateratako argazki ezagun hau duzue:

Erabilpen baldintzak eta harremana

Bilduma osoaren TIFF eta JPG bertsioak, Ekin Aurrera aldizkariaren ale digitalekin batera GBBren esku jarri ditugu, digitalizazio lanen kostua beraiek hartu baidute beraien gain eta esker ona erakustea baino ez dugu.

Horrekin batera, argazki bildumaren eskuragarritasuna eta zabalkundea Interneten errazte aldera, Creative Commons BY-SA baimenpean eskuragarri jarri dugu eta bilduma osoa kontsultatzeko edo kalitatezko kopia bat eskuratzeko GBBrekin harremanetan jarri beharra dago. Ohar hau Flickr-era igotako argazkien metadatuetan ere txertaturik dago:

Gipuzko Buru Batzarra
Pinu bidea, 20
20004 Donostia
Gipuzkoa
iritziak@gipuzko.com
Telefonoa: 943118888

Baduzue entretenimendua!

Erantzun

Sartu