Teknologia albisteak

Eibarko itzulia mugarriz-mugarriz

Eibarko mugarri guztiak etapa bitan ezagutzeko aukera izango dugu martxoaren 15ean eta 29an Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviño Eibarko Klub Deportiboko kideek egindako lanari esker.


Ibilbidea bi zatitan banatu dute: martxoaren 15ean iparraldeko ibilbidea egingo da, Eibarko erdialdetik abiatuz, Amaña auzotik Urkora igo eta handik Aginaga auzotik zehar, Kalamuatik buelta eginda, Arratetik Azitainera jeisteko.

Martxoaren 29an hegoaldeko ibilialdia izango da: Eibar erdialdetik abiatuz, Azitaindik Soraluzeko Irure auzora, handik Illordo gainera eta Salbadorretik Azurtza aldera joateko. Galdaramiño gainetik Zaldibarko mugarekin dauden mugarrietan zehar berriz ere Eibarrera jeitsiko dira.

Joan zen urtean, herriko mugarri guztiei buruzko lana Ego Ibarra batzordean aurkeztu ondoren, 2014. urtean lanaren hedapenari eta ezagutzari garrantzia ematea erabaki zen. Oraingo ekimen honi esker, Ermua, Mallabia, Markina-Xemein, Elgoibar, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Zaldibar herriekin ditugun mugarri guztiak ezagutuko ditugu: 71 mugarri guztira, 35 kilometro inguru oinez.

Ikerketa eta landa-lan hori egiteko, 1927an, herriko mugarriak seinalatzeko gainerako udal guztiekin batera egindako aktak hartu dituzte oinarritzat; akta horiek, orduan Eibarko alkate zen Ignacio Anitua jaunak, bertako zinegotziek, perituek eta idazkariak, mugakide ziren gainerako herri guztietako alkate bakoitzarekin eta beste herri horietako idazkari, peritu eta zinegotziekin batera jasotakoak dira. Eibarren ez da berriro horrelako akta-jasotze ekitaldirik egin.




Erantzun

Sartu