Teknologia albisteak

Debako Euskal Jaia

2014-09-24 : 09:48

Aurten beteko dira 50 urte, Deban, Euskal Herri mailako I. euskal jaia ospatu zenetik. 1964an Oargui elkarteak antolatutako Euskal Jaia, orro baten modukoa izan zen. Euskal nortasuna eta kultura aldarrikatzeko ekitaldi jendetsu eta arrakastatsu hark hurrengo hamar urteetan errepikatu ziren agerraldien sua piztu zuen (http://www.dantzan.com/albisteak/deba-euskal-jaia-50-urte)

1965ean errepikatu zen festa. 50.000 lagun batu ziren Deban, maiatzaren 16an, Euskal Jaia ospatzeko. Bost tren berezi antolatu ziren, 180 autobus, 1.400 automobil... 30 dantza talde, ehunka txistulari, kantariak, albokariak...; bai agintari frankistek eta bai parte hartzaile gehienek ere argi ikusten zuten jaialdi haren funtzio sinbolikoa. Isiltasun garaian ahotsa entzunarazteko abagunea zen, kontzientzia politikoa eta sentimendu abertzalea kaleratzeko aukera. Ez zen, ez, erakustaldi folkloriko hutsa izan Debakoa. Horrexegatik debekatu zuten, hain zuzen, 1966koa.

Mugimendu berri bat sortu zen hamarkada hartan, gaztedi berri bat. Ordura arte Francoren erregimenak ontzat emandako erakustaldi folklorikoez gain, hizkuntzaren sustapenarekin eta euskal kulturaren kontzeptu berri batekin lotutako jarduerak antolatzen zituena; kultura propio bat eta, ondorioz, herri bat aldarrikatzen zuena. Egiteko moduan ere, “goitik” antolatutako ekitaldi ofizialen kontrara, “behetik” antolatzen zituena (Frankismo garaiko Euskal jaien inguruko informazio gehiago, hemen: http://www.euskonews.com/0209zbk/gaia20901es.html)

50 urte bete dira, bada, Euskal Herri mailako lehendabiziko euskal jai hartatik. Debako udalak egitarau berezia antolatu du aurten, garai hartakoa gogora ekartzeko. Aste osoan izango dira erakusketa, liburu aurkezpen, dokumental, mahainguru eta musika kontzertuak; baina larunbatean, irailaren 27an, garai haren antzera ospatuko dugu jaia. Urte hartan Deban izandako 22 dantza taldeak gonbidatu ditugu bertara eta artikulu hau aprobetxatu nahi genuke euskaltzale guztiei luzatzeko gonbidapena; ederra litzateke, aurten ere, orduan bezalaxe, Deba euskaltzalez gainezka ikustea. Nahi izanez gero, badakizue: irailaren 27an Debako euskal jaia.

 

Erantzun

Sartu