Teknologia albisteak

Elgeta Memoria: Esperientzia turistikoa eta Intxortako Bataila batzen dituen aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-30 : 16:15

Elgetako Udalak smartphonentzako aplikazio berezi eta berritzailea garatu du, herriaren inguruko baliabide turistikoak eta Intxorta mendiaren magalean 1936-37ko gudan gertatutakoak jasoz. App hau iOS eta Android gailuentzat dago eskuragarri, App Store eta Google Play-n. Bestelako gailuek, Web mugikor bidez erabil dezakete zerbitzu hau, elgetamemoria.com helbidean. Elgeta Memoria: Esperientzia Turistikoa eta Intxortako Bataila batzen duen aplikazioa, NFC teknologiaren hedapenean aitzindari.

Herritar zein bisitarientzat zuzendutako aplikazioa da, 3 hizkuntzetan garatua (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) eta eskura izateko baliabide praktiko ugariz dago hornituta. Aplikazioa deskargatzea doakoa izango da. 

Esperientzia turistikoa

Udalak, Intxortako borrokaldien berreskurapena eta herriko bestelako baliabide turistikoak modu berri eta ezberdin baten plazaratu nahi izan du. Bisitariek Intxortan esperientzia turistikoa bizitzea helburu hartuta, QR eta NFC teknologiak erabiliz, interesgune ezberdinetako audio-gidak eskuratu ahal izango dira.

Geolokazioa, erabiltzailearengandik gertu dauden zerbitzuak aurkitzeko

“Elgeta Memoria” aplikazioan baliagarriak diren zerbitzuak aurkitzen dira: leku gomendagarriak, argazkiak, ostatuak, ibilbideak, jatetxeak, Elgetari buruzko historia apur bat, albistegi eta agenda eguneratuak, eguraldia… Gainera geolokalizazio bidez erabiltzaileak, une oro, mapan kokaturik ikus ditzake hurbilen dituen zerbitzuak, oso praktikoa kasu askotan, zerbitzu turistiko guzti hauek bere kokapenarekin azaltzen dira-eta.

Intxortako borrokaldia: satelite bidezko mapa eta audio-gidaz lagundutako ibilbidea

Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroaren eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen arteko elkarlanaren bitartez, Inxorta mendian izandako fronteari buruzko xehetasun eta informazio baliagarriz osatu da aplikazioa. Nabarmentzekoa da zentzu honetan audio-gidaz lagundutako 5 kilometroko ibilbide tematikoa. 12 interesguneei dagozkien azalpenak aplikazioan entzun edo jaitsi daitezke (3 hizkuntzetan) eta ibilbidean zehar NFC eta QR kodeen bidez eskura daitezke edozein momentutan. Ibilbidea mapa interaktiboan irudikatuta ikusiko da, 12 puntuak nabarmenduta eta puntu hauetan sakatuz, informazio fitxak zabalduko direlarik. 

Teknologia berrien ekarpenak: NFC eta QR kodeak

Intxortako ibilbide tematikoan azaltzen diren 12 puntuei buruzko informazioa “Elgeta Memoria” aplikazioan aurkitzen dira zerrendaturik, baina erabiltzaileak zuzenean puntu jakin bati buruzko informazioa irakurri edo audio-gida entzun nahi izanez gero, Elgetako Udalak NFC eta QR kodeak baliatu ditu mugikorraren bidez fitxa zehatz horretara eramateko.  

NFC (Near Field Communication) haririk gabeko komunikazioa ahalbideratzen duen teknologia da, irismen laburra eta frekuentzia altua du, beraz datuen transferentzia abiadura bizian burutzen du. Gaur egungo telefono azkarrak, teknologia honekin merkaturatzen dira eta aukera ugari eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Elgetako ibilbidean NFC teknologiaren bidez mugikorra panelera hurbildu eta segituan interesgune horren fitxa eta audio-gidara eramaten du bisitaria. NFC puntuak 12 paneletan kokatu dira eta teknologia hau oso berria dela kontuan izanda, “Elgeta Memoria” NFC bidezko hedapen gehien duen proiektu turistikoa bihurtu da.  Euskal merkatuan aitzindaria zalantzarik gabe.

NFCa ez duten mugikorrek QR kodeak eskaneatu ditzakete puntu bakoitzean, interesgunearen fitxategia eta audio-gida entzun edo jaisteko. 

Informazio gehiago

Elgeta Memoria
Elgetako Udala

Erantzun

Sartu