Teknologia albisteak

Jose Migel Barandiaranen urtebetetze egunak liburu berri batetan

2016-02-27 : 11:21

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan. Bere egunerokoetan idatziak (1924-1988) liburuxka argitaratu berri dute. Bertan, euskal ikerlariaren zertzelada autobiografikoak aurkituko ditu irakurleak.

Jose Migel Barandiaranek 1917tik 1989ra bitartean egunero idatzi zuen bere koadernoetan, eta ondorioz, balio historikoz beteriko egunerokoak utzi zituen ataundarrak. Horietatik Barandiaranek bere urtebetetze egunetan, hau da, abenduaren 31n idatzitakoak jaso dituzte liburuxka batean Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Gazteria Sailak elkarlanean eginiko lanari esker.

Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan. Bere egunerokoetan idatziak (1924-1988) lanean Ataungo semearen (1889-1991) gaineko zertzelada autobiografikoak ezagutuko ditu irakurleak: poza zein haserrea islatzen dituzten pasarteak; gerrak, erbesteak eta etxera itzultzeak sortarazitako sentimenduak; garaian garaiko erradiografia pertsonala

Mende bat baino gehiago bizi izan zen apaiz, etnologo eta antropologo ezagunak urtearen errepasoa egiteko aprobetxatzen zuen urteko azken eguna, baita bere bizitzaren inguruko gogoeta egiteko ere.

Hizkuntzari dagokionez, liburuxka osatzeko aukeratutako testuen fideltasunari lehentasuna eman nahi izan diote egileek eta hala, Ataungo euskaran zein gaztelaniaz idatzitako pasarteak jasotzen dira. Baina, gainera, liburua bitan dago banatuta: jatorrizko testuak daude lehenengoan, eta horien itzulpena, bigarrenean.

Bestalde, eta 1.500 tiradako lana osatzeko, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren Argazki Artxiboko hainbat irudi ere erabili dira.

Erantzun

Sartu