Teknologia albisteak
1

Urrea balio duelako: burujabetza informatiboa eta Baleikeren 20 urteak

Erabiltzailearen aurpegia
2014-06-30 : 16:21
Hogeigarren urteurrena ari da ospatzen egunotan Zumaiako Baleike aldizkaria. Herritarrak guri begira jarri ditugu etxe guztietara banatu dugun zenbaki berezian. Gorka Zabaleta zuzendariak idatzitako hitzaurrea Sustatura ekartzeko gonbitea jaso dugu. Hona hemen:
Urrea balio duelako

Bertigo pixka bat sentitzen da atzean hogei urte utzi ditugula pentsatzean; nostalgia puntu bat, zuri-beltzeko argazkitan galdutako gaztetasunarekin topo egitean; eta zergatik ez aitortu, bide bazterretako asunen azkura ere berritzen da paper horituak gainbegiratzean. Baina, batik bat, harrotasuna sentitzen da. Harro, duela 20 urte gazte zirikatzaile koadrila batek izan zuen amets zoroak bizirik dirauelako. Gurekin batera itxuraldatu da –txima luzerik ez du dagoeneko–, baina hemen dago, sendo, zuen babesarekin beste 20 urte betetzeko gogotsu.

Urrea balio duelako. Potoloa botatzera noa, baina, gaur onartuko didazue: burujabetzaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, inoiz pentsatu al duzue zenbat balio duen burujabetza informatiboak? Inoiz pentsatu al duzue zer garrantzitsua den herri batek bere tresna propioak izatea informatzeko, komunikatzeko, eztabaidatzeko, iritziak plazaratzeko, auskalo zer interes dituzten enpresa talde handien menpe egon gabe? Hori da herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideok gure komunitateei eskaintzen dieguna: burujabetza informatiboa. Herria da bere hedabidearen jabe.

Etxe guztietara zabaldu dugun zenbaki berezi honetan zumaiarrek Baleikeri eskainitako esker oneko hitz asko irakurriko dituzue. Horrek ere urrea balio du. Baina gu ez gaude laudorioen izpi distiratsuekin itsutzeko. Ez gara daukagunarekin konformatzen. Badakigu non dauden gure gabeziak, gure ezintasunak, eta badakigu zer eskaini nahi dugun. Bide hori egin ahal izateko zure babesa behar dugu. Zuk ematen diozu zentzua proiektuari. Zurekin beste hogei. Urrea balio duelako.

Erantzunak

2014-07-01 : 11:08

Zorionak Gorka! Bueno, elkar zoriontzeko moduan gitxaudek ;-)
Bat egiten diat hire artikuluarekin bete betean, eta Jabier Zabaletak esan duen moduan, berdi-berdin balio dik gurerako ere!

Guk bideo berezi bat egin diagu, tximak nola erortzen joan diren esplikatzen duena!

http://karkara.com/orio/140318906226

Jon Garate eta Iñigo Expositok egina

Eta esandakoa, Zorionak Baleike! Beste 20 gutxinez!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago