25 urte bete ditu Donostiako Bagera Elkarteak. Urteurren hori ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu du azaroaren 18rako.
Larunbat eguerdian emango diote hasiera jaiari. Ibilbide bat antolatu dute 12:00etan Antzoki Zaharretik hasita. Ibilbideak hainbat ezusteko izango ditu, tartean, Bilintx eta Juana Bixenta Olabe bertsolariak azalduko dira eta haiekin batera kantu jira egingo dute Konstituzio plazaraino. Han ere sorpresa ugari egongo direla aurreratu dute, eta, handik denak batera joango dira San Telmo museora. Bertan egingo den ekitaldian hainbat euskal musikarik, aktorek eta dantzarik hartuko dute parte; tartean, Aire Aizpak, Kike Amonarritz, Mikel Martinez, Idoia Torregarai edo Haatik dantza taldea. Bestalde, Aizpea Goenagaren Euskararen zazpi bekatuak antzezlaneko bi eszena ere antzeztuko dituzte; eta, azkenik, Donostia eta inguruetako hainbat idazleren eta bertsolariren haikuak ere irakurriko dituzte.
Ibilaldiaren ostean, bazkaria egingo dute Zurriola ikastetxean, eta, ondoren, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Nerea Arriola aktorea arituko dira arratsaldea gozatzen.
Gainera, Bagerak hirian euskararen alde lanean aritu diren 25 bidelagun omenduko ditu. Hautaketa prozesu bat egin dute horretarako eta jendeak bere proposamena bidali du Bagera elkarteko webgunearen bitartez. Azaroaren 18an jakingo da zeintzuk izan diren aukeratuak.
Bazkarirako txartelak salgai daude Bagera elkartean, 20 euroren truke. Bizkor ibili!
Erantzun
Sartu