Maiatzaren 19an “Kaskarin baten kontakizunak” liburua aurkeztuko da BAGERA Elkartearen egoitzan (Hernani kalea 15, behea) arratsaldeko 18:30ean. Bertan izango dira: Luzien Etxezaharreta (Baionako MAIATZ argitaletxeko arduraduna) eta Joseba Aurkenerena (liburuaren idazlea).
Liburu hau ez da ipuin bilduma soila, bere izenburuak azaldu nahi duen bezala, Donostiarekin loturiko kontakizunen bilduma baizik. Herri bakoitzak badu bere nortasuna, bere ibilbide berezia historian zehar, eta Donostiak badu berea, mendeetan jorratutakoa. Donostiar nortasunean, bi giza talde izan dira nagusi, euskaldunak alde batetik eta gaskoiak bestetik. Gaskoiak urteen poderioz euskaldundu egin baziren ere, beraien arrastoa nabarmena da gaurko Donostiako toponimian, baita donostiar askoren abizenetan ere, eta zenbait ikerlariren ustez, beraiei zor diegu donostiarrok daukagun umore berezia. Baliteke.
Donostiak beti izan du umore berezi hori, inguruko herrietakoengandik berezi samarra dena, umore kaskarina, hau da, gaskoi arina. Eta umore hori nabarmena izan da donostiarren historia gatazkatsuan, bi genozidio -1813ko eta 1936koa- ezagutu dituen hirian.
Frankismoaren garai beltzenean ere, Franco diktadoreari buruzko txisteak bolo-bolo entzun zitezkeen Donostiako edozein bazterretan. Bazkari eta afarietan oso ohikoak ziren kafearekin eta koparekin batera, kantuekin hasi baino lehenagoko tenore horretan. Kontalari onak izan dira Donostian, dudarik gabe, eta nik liburu honetan horietako batenak dakarzkizuet, nire aitari askotan entzundako kontakizunak, alegia.
Liburu honetan bildu ditudan kontakizunak nire aitari entzundakoak dira, umorez zipriztinduak, eta kontatzen zituen guztietan aipatzen zuenez, benetan gertatuak omen.
Erantzun
Sartu