Teknologia albisteak

Banatu dira euskarazko maitasunezko SMS mezuen lehiaketako sariak Aretxabaletan

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-04 : 18:33

2012an ospatu da bigarrenez Aretxabaletan euskarazko maitasunezko SMS mezuen lehiaketa. Aurten ere arrakastatsua izan da ekimena, 50 mezutik gora jaso bait dira. Aretxabaletako Udalak martxan jarritako lehiaketaren helburua izan da gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea teknologia berriak aprobetxatuz.



Azaroaren 30ean banatu ziren Aretxabaletako Gaztelekuan maitasunezko SMS mezu lehiaketaren bigarren edizioko sariak. Hiru izan ziren finalistak; gazte ugari hurbildu ziren sari-banaketara eta irabazleei sariak ematen Gaztelekuko begiraleak egon ziren.

Aretxabaletako udalak antolatutako 12-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako SMS mezu lehiaketa azaroaren 8tik 23ra egon da martxan. Gehienez 160 karaktereko mezuak euskaraz bidali behar izan dira eta gaia honakoa izan da: maite duzun horri bidaliko zeniokeen maitasun mezua.

Jokin Uribetxebarria gaztea izan da irabazlea '24:00etan zu2peien' mezuarekin eta beste bi mezu finalistak honakoak izan dira:
- 'Zenbat musika genero, zenbat kantu lelo, nik zugan pentsatuz abesten dut egunero'
- 'Hainbeste maitatzen dugu elkar!... maitasuna bera ere gurekin jeloskor dagoela'

 

Bi finalistentzat bere mezuekin Artemanek diseinatutako kamiseta eta CD bana entregatu zaie eta irabazlearentzat Galaxy Ace S5830 markako poltsikoko telefonoa, kamiseta eta CDa.

Gainera, hiru mezuekin diseinatutako txapak banatu ziren gazteen artean. Guztira 300 txapa atera dira eta eskuratu nahi dituenak Aretxabaletako Gaztelekura jo behar du. Sari banaketaren ondoren luntxa eta kontzertua egon ziren.

 

 

Erantzun

Sartu