Teknologia albisteak

Ekintza bereziak JM Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurrenean Ataunen

2014-11-19 : 08:47
125 urte igaro dira  Jose Migel Barandiaran jaio zenetik eta urteurren berezi honetan Ataungo Barandiaran Museoak bere hondar alea jarri nahi du; horretarako egitarau zabal eta berezia prestatu du urte bukaera honetarako. Ekimen hauetan guztietan Jose Migel Barandiaranen figura presente egongo da, bere izaera eta lanak hobeto ulertu eta ezagutuko ditugu eta Barandiaran Museotik figura honen bultzatzaileak izan nahi dugu. Izan zaitez 125. urteurren honen partaide eta eman diezaiogun Jose Migel Barandiarani merezitako festa!

Azaroak 23, igandea. “Hamaika objektu, hamaika kontu” emaldi berezia. Jose Migel Barandiaranen hamaika objektu bildu ditugu eta horien bitartez ibilaldi berezi-berezia egingo dugu bere bizitzan zehar. Museoko ganbarak eskaintzen duen giro goxoan hamaika kontu interesgarri entzungo ditugu Jon Aizpurua ataundarraren eskutik. Doakoa izango da emanaldia, baina aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da.

Azaroak 29-abenduak 31. “Hamaika objektu, hamaika kontu” objektuen erakusketa. Jose Migelen objektu zaharrak ikusgai egongo dira Museoan. Prezioa: 2€koa izango da, Museoko sarrera barne duela.

Azaroak 30, igandea. “Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak” ipuin kontaketa. Jose Migel Barandiaranek lan izugarria egin zuen Euskal Herriko kondaira eta ipuinak biltzen. Horietako batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen da Museoan Jentilbaratza Kultur Elkartearen laguntzaz, Marimunduko pertsonaiaren eskutik. Prezioa: 2€koa izango da.

Abenduak 14, igandea. “Jentilak eta Olentzero Aralarren” ibilaldi magikoa. Urteroko legea bihurtu den ibilaldi berezi hau, berrikuntza ugarirekin dakarkizuegu aurtengoan. Barandiaranek hain ondo ezagutzen zituen basoetatik zehar ibiliko gara, haur eta heldu, pertsona zein izaki mitologiko. Jentilbaratza Kultur Elkartearen laguntzaz.  Prezioa: 3€ helduak eta 2€ 12 urte azpiko haurrak. Goiz magikoa igarotzeko aukera duzue, ausartzen zarete?

Ekimen hauetan guztietan Jose Migel Barandiaranen figura presente egongo da, bere izaera eta lanak hobeto ulertu eta ezagutuko ditugu eta Barandiaran Museotik figura honen bultzatzaileak izan nahi dugu.

Ekimenetan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, plaza mugatuak egongo dira eta. Erreserbak egiteko  943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetara deitu dezakezue edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.

Izan zaitez 125. urteurren honen partaide eta eman diezaiogun Jose Migel Barandiarani merezitako festa!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago