Teknologia albisteak

Errusiar hizkuntza, historia eta literatura

2014-09-29 : 17:21
EHUko Gipuzkoako campuseko Kulturgunearen udazkeneko eskaintzetako bat da ikastaro hau. EHUko ikasleek ez ezik, interesa duen unibertsitatetik kanpoko jendeak ere parte hartu ahal izanen du. 25 ordu iraunen du osotara, urriaren 7an hasi eta abenduaren 12a bitarte (astearte eta ostegunetan 17etatik 18:15etara).

Ikastaroaren asmoa da herrialde horretara hurbilpen kultural bat egitea, bi ardatz hauek landuz: batetik, hizkuntzaren oinarriak azalduko dira, helburua izanik hizkuntza hau ikasteko interesa piztea; bestetik, historiaren errepaso bat eginen da literaturaren laguntzarekin. Errusiaren bilakaera kulturala ezagutuz, gaur eguneko egoera ulertzeko oinarri bat eskaini nahi da.

Ikastaroa Aroa Huartek gidatuko du. Arte Ederretan lizentziatua, Errumaniako Erasmus egonaldian piztu zitzaion hizkuntzekiko eta ekialdeko Europako herrialdeekiko interesa, eta horrek eraman zuen Bartzelonara Eslaviar Filologia ikastera. Errusiar hizkuntzan espezializatu da. Lehenik Moskuko Estatu Unibertsitatean urte erdiz aritu zen ikasketak osatzen eta gero San Petesburgoko Estatu Unibertsitatean masterra egin zuen.

Ikastaroan izena eman nahi izanez gero, Gipuzkoako campuseko Kultura eta Kirol bulegora jo (Zuzenbide Fakultatea, beheko solairua) urriaren 3a baino lehen.

 

Erantzun

Sartu