Teknologia albisteak

«Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu» ikastaroa, Iruñean

2016-08-29 : 14:18

Nafarroako Unibertsitateak «Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu» ikastaroa antolatu du, Iruñean, irailaren 5ean, 6an eta 7an. Izen-ematea zabalik da oraindik, webgune honetan. Prezioa: 15 euro.

«Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu». Anjel Lertxundiri lapurtu dizkiogu hitz horiek, ezin hobeki islatzen baitute ikastaroaren helburua. Batetik, kultura denongan dagoen zerbait baita, gogoeta-saio bat egin nahi genuke kulturari buruz, oro har, eta euskal kulturari buruz, zehatzago: zer den kultura, zer balio duen, zer erabilgarritasun ematen diogun. Bestetik, kultura egin egiten baitugu, kultura-kudeaketaz arituko gara: nola kudea daitekeen kultura, zertarako, zer alderdi hartu behar liratekeen kontuan.

Kultura-arloko sei adituk hitzaldi bana eskainiko dute, irailaren 5ean eta 6an, Iruñeko Condestablearen jauregian. Hurrengo egunean, hilaren 7an, Uharteko Arte Garaikidearen Zentrora joango gara, eta, hartara, hurbiletik ikusiko dugu nola kudeatzen den kulturgune bat, Oskia Ugarte zentroko zuzendarietako baten eskutik.

Hona hemen ikastaroaren egitaraua:

Irailak 5, astelehena

17:00 Ibai Iztueta. «Cultura vasca vs Euskal kultura?!».

18:15 EMUN Aholkulariak. «Kultura-kudeaketa: epe luzeko ikuspegia eta epe motzeko emaitzak».

19:15 Jon Abril: «Kultura-kudeaketa udal eta herrietan: hurbiltasunetik gauzak bertze modu batera egiteko aukera».

Irailak 6, asteartea

17:00 Hedoi Etxarte. «Zer kultura Iruñerrian?».

18:15 Aitzol Batiz. «Gogoeta ez oso zentzudun batzuk kulturak "gizarte aurreratu"etan duen balioari eta erabilgarritasunari buruz».

19:15. Irene Basilio. «Ikuslea izatearen artea».

Irailak 7, asteazkena

16:00-20:00 Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa: zentroaren kultura-kudeaketari buruzko saioa eta bisita gidatua.

Ikastaroaren prezioa: 15 euro.

Izena emateko orria: http://www.unav.edu/web/actividades-verano-2016/cursos-de-verano-universidades-navarras/claves-de-la-gestion-cultural [Barkatu, izena emateko orria gaztelaniaz dago bakarrik.]

Animatu!

Erantzun

Sartu