Gaur goizean aurkeztu dira Bilbao Arenan Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren itxiera probak. Finala aizkolaritzaren festa handia izango da eta ekoizpen handia izango du ikuskizun bihurtzeko. Final bikoitza izango da, emakumezkoena eta gizonezkoena. Beste mugarri bat final handiak izango duen hedapen handia da, Estatu mailan Gol TV bidez zuzenean emango baita. Aurreko sailkapen-proba urriaren 30ean izango da Zestoan.
Garazi Arruti eta Aitzol Atutxa aizkolariek, Xabi Uribe-Etxebarria Sherpa.ai Adimen Artifizialeko enpresa liderraren sortzaile eta CEOarekin batera, txapelketa denboraldi honetan nola itxiko den aurkeztu dute gaur final handiaren egoitzan.
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiak 2020an planteatutako erronkei aurre egin die eta, horrela, denboraldi honi amaiera emango dio azaroaren 21ean Bilbao Arenan ospatuko den aizkolaritza festa handiarekin.
Aizkolaritzaren modernizazioan, kirol honen profesionalizazioan eta garai berrietara egokitzean ezarritako helburuak soberan osatu dira.
Kirolari, dibulgazioari eta gizarteari dagokienez, beste kirol batzuen maila berera igotzea lortu da, eta denboraldi honek jauzi kualitatiboa ekarri du.
Txapelketak proiektuaren hasieran markatutako mugarriak betetzea lortu du: aizkolaritzaren aintzatespen, zabalkunde eta balioespen handiagoa; jauzi kualitatiboa hedapenean; emakumearen presentzia eta ikusgarritasuna handitzea kirol honetan; eta, laburbilduz, urrats gehiago egitea aizkolaritza XXI. mendera ekartzeko.
Zestoako sailkapen kanporaketa proba
Finalerako sailkatzeko kanporaketak Zestoako Kiroldegian jokatuko dira urriaren 30ean, larunbata, arratsaldeko 18: 00etan. Guztira 16 aizkolari ariko dira lehian, 13 gizon eta 3 emakume.
Gizonezkoen txandari dagokionez, lehen mailako 11 aizkolarik, kirol honetako lehen jokalariek eta Araian urriaren 17an ospatutako promozio finaleko txapelketan sailkatutako biek osatzen dute taldea.
Egin beharreko lana honako hau izango da: 6 enbor, 2 kanaerdi 54; 2 60; eta 2 oinbiko 72.
Gizonezko parte-hartzaileak hauek izango dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Yon Irazu, Julen Alberdi (Txikia IV), Aitzol Atutxa (Atutxa II), Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza, Jexux Mujika, Julen Larrea (Larrea III), Arkaitz Jauregi, Iñaki Azurmendi eta Eloy Corchero.
Emakumezkoen kasuan, txapelketa honetako bost parte-hartzaileetatik, duela bi aste Araian parte hartu ez zuten hirurak lehiatuko dira: Karmele Gisasola (Zelai III), Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi.
Kasu honetan, bakoitzak 36 cm-ko 4 enborri egin beharko die aurre.
Txapelketa amaituta, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko aurtengo 6 aizkolari gizon eta 3 emakume finalistak ezagutuko ditugu.
Urriaren 30ean Zestoan egingo den sailkapen-proba honetarako sarrerak eta azaroaren 21ean Bilbao Arenan jokatuko den final handirako sarrerak www.aizkolaritxapelketanagusia.eus webgunean daude eskuragarri, 15 €tan helduentzat eta 5€tan 18 urtetik beherakoentzat.
Xabi Uribe-Etxebarriak, txapelketaren sustatzaileak, azaldu duenez, “imajinatzen dugun txapelketarantz pausoak ematen ari gara, eta izugarri pozik gaude jarritako helburuak betetzea lortu dugulako, nahiz eta zaila izan. Benetan uste dugu aurrerapauso handiak ematen ari garela gure kirola nazioartean ezagunagoa izan dadin eta merezi duen balioa eman dakion”.
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala handia Bilbao Arenan
Aipatu dugun bezala, datorren azaroaren 21ean aizkolaritzaren festa handia izango da Bilbao Arenan.
Aitzol Atutxak finalaren nondik norakoak azaldu ditu eta final hau jauzi kualitatibo handia dela adierazi du: “Eskertzen dugu sustatzailearen aparteko ahalegin ekonomikoa jauzi hau egiteko eta momentuko aizkolaririk onenak, egoitza ikusgarria eta ekipamendurik osoena edukitzeko, final jendetsu bat ospatu ahal izateko, non zaleek eta publiko orokorrak aukera izango duten aizkolaritza ekitaldi handiaz gozatzeko eta esperientzia handia bizitzeko”.
Gainera, edizio honetan proiektuan jasotako helburuetako bat betetzea lortu da, emakume aizkolariak presentzia eta ikusgarritasun handiagoa izatea. Edizio honetan ere emakumezkoen koadroen finala izango da.
Garazi Arrutik adierazi duen bezala, “oso eskertuta gaude aizkolaritzaren urteroko jai handian parte hartzeagatik eta gure parte-hartzearekin aizkolaritza XXI. mendeko errealitatera egokitzen laguntzeagatik”.
Zuzeneko emanaldia, agertokia eta hedabideak
Ekonomia- eta antolaketa-ahalegin handia kirol honen ikusgarritasuna erakusteko giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan ere islatuko da.
Gainera, ikuskizuna telebista-formatura egokituko da, eta alderdi horretan berrikuntza handi eta garrantzitsuak aurkeztuko dira. Txapelketaren antolakuntzak baliabide tekniko zabaleko ekoizpena izango du, pantailatik jarraitzen duten pertsonak aizkolaritzaren ikuskizunaz gozaraziko dituena. Finala zuzenean emango da Gol TV bidez estatu osoan, eta nazioartean ere zabaltzea espero da, hainbat katek erakutsi baitute interesa ekitaldia hainbat herrialdetan emateko.
Txapelketak Sherpa.ai Adimen Artifizialeko enpresa liderraren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa du.
Erantzun
Sartu