Euskaltzale guztiak deitzen ditugu hurrengo ostegunean, azaroak 24, arratsaldeko 6etan, Burlatako Udaletxearen aurrean protesta egiteko. Ez dezatela pentsa lo geratuko garela, hainbeste erasoren aurrean!
BURLATAN ERE EUSKARAFOBIARI STOP!
Burlatako Udalak Euskararen Ordenantza aldatzeari hasierako onespena emanen dio hurrengo ostegunean, azaroak 24. Horrela ziklo bati amaiera emateko asmoa du.
2018an hasi zen prozesu hori, lan deialdietan euskaraz jakitearen merezimenduaren portzentajeak ezabatu zituenean (euskaraz jakitea derrigorrezkoa ez zenean, % 5 eta jendaurreko lanpostuetan % 10). Merezimendua izatea onartu zen orduan, baina ezer zehaztu gabe. Hala ere, Plantilla Organikoan mantendu zen eskema hori.
Orain, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eta epaileen jurisprudentzia berria aitzakia hartuta, merezimendua izateko beharra ezabatu nahi du Udalak, gero Plantilla Organikoa berregituratzeko.
Horretaz aparte, beste aldaketa batzuk izanen ditu Ordenantza berriak, garrantzitsuak baina praktikan hainbesteko eragina izanen ez dutenak.
Euskararen Defentsarako Sareak aldaketa hauetan euskarak eta euskaldunok jasaten ari garen eskubide murrizketen segida ikusten du, Euskararen Legearen interpretazio oker batean oinarrituta.
Erantzuna emanen diogu. Euskaltzale guztiak deitzen ditugu hurrengo ostegunean, azaroak 24, arratsaldeko 6etan, Burlatako Udaletxearen aurrean protesta egiteko. Ez dezatela pentsa lo geratuko garela, hainbeste erasoren aurrean!
2022-11-22.
EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA.
Erantzun
Sartu