Teknologia albisteak

Iruñeko Udalak bere bi igogailuren ahots sistema ele bitan jarri beharko luke, Nafarroako Arartekoaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia
2020-04-15 : 10:30

Azkenean, Nafarroako Arartekoak bere iritzia eman du. Laukoaren garaian ezarri ez zen elebitasuna Navarra Sumaren garaian ezarrita gera daiteke. Ala ez, Arartekoaren gomendioak ez baitira lotesleak.

IRUÑEKO UDALAK BERE BI IGOGAILUREN AHOTS SISTEMA ELE BITAN JARRI BEHARKO LUKE, NAFARROAKO ARARTEKOAREN GOMENDIOAREN ARABERA

 

Nafarroako Arartekoak 2020ko otsailaren 20an gomendio hau eman zion Iruñeko Udalari: Euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen udal-ordenantzak xedatutakoaren arabera, Zabalguneko Civivoxen eta Erriberri kaleko lur azpiko aparkalekuan instalatutako igogailuen ahots-sistema ele bitan erabiltzea (gaztelaniaz eta euskaraz).

Iruñeko Udalak defendatu zuen 103/2017 Euskararen Foru Dekretuaren arabera elebitasuna hautazkoa dela eta, beraz, gaztelaniaz soilik egindako grabazioa legearen araberakoa dela. Elebitasuna hautazkoa da, noski, baina elebitasunaren aldeko hautua egin zuen Udalak Euskararen Ordenantzaren bidez. Horrexegatik, jaso du aipatutako gomendioa.

Bi hilabeteko epea dauka Iruñeko Udalak gomendioa onartzen duen ala ez jakinarazteko.

Afera ez da bukatua, beraz, eta ez da berria. 2019ko otsailaren 7an hasi zen, laukoaren garaian, hori egiteko eskaera batekin. 2019ko maiatzaren 30ean eskaera kexa bihurtu zen Nafarroako Arartekoaren Bulegoan.

2019ko uztailaren 2an Iruñeko Udalak jakinarazi zion Arartekoari afera konpontzeko bidean zegoela, ahots sistema ele bitan jartzeko aginduak emanak zeudelako.

2019ko urriaren 14an beste idazki baten bidez gaia berriz Arartekoaren Bulegora iritsi zen, eman omen ziren agindu horiek gauzatu gabe zeudelako.

Azkenean, Nafarroako Arartekoak bere iritzia eman du. Laukoaren garaian ezarri ez zen elebitasuna Navarra Sumaren garaian ezarrita gera daiteke. Ala ez, Arartekoaren gomendioak ez baitira lotesleak.

Erantzun

Sartu