Zein izanen da euskararen balioa Burlatan?
2018ko otsailaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Burlatako Euskararen Ordenantza berria. Desagertu egin da aurreko ordenantzako punturik indartsuena eta euskararentzat hoberena zena.
Aurreko ordenantzaren aldean (1997-08-25eko NAO), baditu zenbait hobekuntza, baina desagertu egin da aurreko ordenantzako punturik indartsuena eta euskararentzat hoberena zena, hau da: Euskara nahitaezkoa ez denean, "Herritarrarekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa). Aldiz, herritarrarekin harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)” (aurreko ordenantzako 15. art.).
Hori, esan bezala, desagertu egin da, eta orain, horrela dago araututa: “Euskararen ezagutza merezimenduzkoa izanen da, euskarara nahitaezkoa ez den plantilla organikoko plaza guztietan”. Baina zenbat baloratuko den ez du zehazten. Gehiago edo gutxiago baloratuko da? Aurreko ordenantzarekin, gutxien-gutxienez ere deialdi osoaren %5 baloratu behar zen, eta hala ez bazen Nafarroako Administrazio Auzitegian errekurtsoa jar zitekeen. Orain, %0,1 baloratuta ere (adibidez) ez da aukerarik izanen.
Erantzunak kargatzen...