Teknologia albisteak

Atarrabiako Udalak eremu mistoko Euskararen Ordenantzarik onena du, baina larriki urratu du lau aldiz

Erabiltzailearen aurpegia
2017-05-28 : 23:30

Zertarako balio du Euskararen Ordenantza ona izatea, gero ez bada berak ezarritakoa betetzen? Ba al dakite Atarrabiako zinegotziek onartutako arauak bete behar dituztela? Ba al dakite euskararen inguruan behar bezalako sentiberatasuna ez erakusteaz gain, deialdiei segurtasun juridikoa ukatu dietela eta helegiteen bidez baliogabetu daitezkeela, inplikatutako pertsonak kaltetuta utziz? Ezin dituzte gauzak behar bezala egin?

Atarrabiako Udalak eremu mistoko Euskararen Ordenantzarik onena dauka, euskara udal egituran barneratu eta sustatzeari dagokionez. 2011ko urriaren 25etik dago indarrean. Ez da harritzekoa, Zioen Azalpenean hauxe adierazten baitu: “Ordenantza honen helburu orokorra da Udalaren baliabideak lanean jartzea, gizarte elebiduna sustatzeko, Atarrabiako hiritarrei udal zerbitzuak euskaraz emango zaizkiela bermatuz, eta euskararen erabilera areagotzeko esparru sozialak sortuz edota sustatuz”.

Udaleko lanpostuen hizkuntz profila eta gradua ezartzeko irizpide orokorren artean hau ezarri zuen: “Plantilla organikoko A mailako lanpostuetan C1 graduaren ezagutza baliokidea eskatuko da; B mailakoetan B2 graduarena, eta C mailakoetan, gutxienez, B1 graduaren ezagutza baliokidea”.

Zertarako balio du Euskararen Ordenantza batek? Udal batean euskararen erabilera arautzeko. Euskararen inguruko arauak zehazten ditu Ordenantzak eta hortik aurrera ez da beharrezkoa behin eta berriz gaia eztabaidatzea. Adibidez, lan deialdi bakoitzean teorian ez da gaia berriz atera behar. Besterik gabe, Euskararen Ordenantza aplikatu behar da, eta kitto.

Atarrabiako Udalak lan deialdietan euskara kontuan hartzen du. Ez du UPNren antzeko politika erabiltzen. Baina bere jarduera ez dago onartutako Ordenantzaren mailan. Hau da, arau juridiko hori dagoeneko lau aldiz urratu du modu larrian.

C mailako zerbitzu anitzetako ofizial izateko bost lanpostu betetzeko deialdi murriztuan (2015eko urriaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), Amalur haur eskolan C mailako haur hezitzaileen zerrendak osatzeko deialdian (2017-02-14), C mailako Obra Zerbitzuko zerbitzu anitzetako ofizial izateko bi lanpostu betetzeko deialdi murriztuan (2017-02-14) eta udaltzain izateko bi lanpostu betetzeko deialdian (2017-05-09). Lau deialdi horietan ez du euskara jakitea eskatu (haur hezitzaileen deialdian bi zerrenda ziren, eta euskara jakitea batean beharrezkoa zen bitartean, bestean ez). Hau da, C mailarako Euskararen Ordenantzak ezartzen duena ez du eskatu. Euskararen Ordenantza ez balitz bezala jokatu du, alegia.

Zertarako balio du Euskararen Ordenantza ona izatea, gero ez bada berak ezarritakoa betetzen? Ba al dakite Atarrabiako zinegotziek onartutako arauak bete behar dituztela? Ba al dakite euskararen inguruan behar bezalako sentiberatasuna ez erakusteaz gain, deialdiei segurtasun juridikoa ukatu dietela eta helegiteen bidez baliogabetu daitezkeela, inplikatutako pertsonak kaltetuta utziz? Ezin dituzte gauzak behar bezala egin?

 

Erantzun

Sartu