Noain aldeko Mankomunitate horretan baliteke gaur egun UPNren eragina lehengo bera ez izatea. Noain-Elortzibarreko Udaleko alkatetza galdua dauka, bederen. Barañaingo Udalak eta Iruñeko Udalak EH Bilduko alkateak dituzte. Hala ere, 2015eko maiatzaren 24ko gauean euskaltzaleok sentitu genuen poza hain arrazoizkoa ez zela ikusten ari gara. Baliteke egoera hobean egotea orain, baina espero genuen egoera ez da hau.
2013an Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen deialdi bat kritikatu genuen. Familia langile bi lanpostu bete ziren, euskara jakitea puntuatu gabe. Ordurako Mankomunitate horretako kide zen Galar Zendea eremu mistora iragana zen, nahiz eta deialdi horretan euskararen puntuazioan ondoriorik ez izan.
Orain aldatu dira gauzak? Ez. 2016ko irailaren 22an Mankomunitate horretako beste deialdi bat argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Hain zuzen ere, familia langileen zerrenda osatzeko. Euskara puntuatu da? Ez. Galar Zendea eremu mistoan izatearen ondoriorik ez dago, momentuz. Orduko kritika alferrikakoa izan da.
Barañaingo Udala 2016ko martxoko deialdi batengatik kritikatu genuen. Etxezaintza, atezaintza eta antzeko lanetarako zerrenda batzuk osatu zituen. Hizkuntz profilik gabeko lanpostuetarako zerrendan egoteko euskara ez zuen puntuatzen. Hain zuzen ere, Euskararen Ordenantzak aukera ematen zion euskara ez puntuatzeko eta horri heldu zion Barañaingo Udalak.
Alferrikakoa izan da kritika. Ekonomia Zientzietako diplomadunen zerrenda osatzeko deialdia 2016ko azaroaren 8an agertu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Udalak eusten dio bere argudioari: Oposizio-lehiaketa ez denean, merituak ez dira puntuatzen eta, beraz, euskara ere ez. Bada, Nafarroako Gobernuak 6 urtez puntuatu du ingelesa oposizioetan, nahiz eta oposizio-lehiaketak ez izan. Euskararen garai berria, amestu baino ilunagoa...
Iruñeko Udalak ere ez du koherentziarik erakusten euskara baloratzeko orduan. Orain bale, hurrengoan kale. Musika Eskolako deialdietan ez du euskara puntuatzen. 2016ko azaroaren 18an argitaratutako deialdian ez du puntuatu saxofoi irakasleen zerrenderako. Aurretik gitarra, akordeoi eta klarinete irakasleen zerrendetarako ere puntuatu ez zuen bezala.
Antza denez, Iruñeko Udalak oso argi dauka: D ereduak ez du lekurik hor eta D ereduko ikasleek gaztelaniaz ikasi behar dute han.
Noain aldeko Mankomunitate horretan baliteke gaur egun UPNren eragina lehengo bera ez izatea. Noain-Elotzibarreko Udaleko alkatetza galdua dauka, bederen. Barañaingo Udalak eta Iruñeko Udalak EH Bilduko alkateak dituzte. Hala ere, 2015eko maiatzaren 24ko gauean euskaltzaleok sentitu genuen poza hain arrazoizkoa ez zela ikusten ari gara.
Oraindik aldaketaren aldeko alderdiak norabidea zuzentzeko tenorean daude, baina horretarako borondatea erakutsi beharko dute. Gu zain gaude!
Erantzun
Sartu