Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak manifestazioa deitu du, Iruñean, ekainaren 4rako. "Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu" lelopean. Golem zinemetatik aterako da, arratsaldeko 5 eta erdietan. Administrazioan Euskaraz taldeak euskaltzaleak Kontseiluaren manifestaziora joan daitezen deitzen ditu. Garbi, oso garbi eduki behar dugu: Gure presiorik gabe, Gobernu honekin ere jai dugu!
Euskarari bide eman behar zaiolako neurri ausartak aldarrikatuko dira. Justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako eta euskaraz bizi nahi dugun herritarrok behar eta merezi ditugulako.
Nafarroan aldaketa irudikatu zen iazko maiatzeko hauteskundeetan, baina aldaketa ez da euskararen arlora iritsi.
Euskararen Legea aldatzea bidean geratu da. Parlamentuaren lana da hori eta lan hori egitea eskatu behar diogu eta eskatzen diogu.
Legea aldatu gabe ere, oraingo Legeari irakurketa euskaltzalea eginda garatu daiteke, baina horretarako Gobernu euskaltzalea behar dugu. Zoritxarrez, jendearen pertzepzio lausoaren eta usteen aurka, hori gaur egun Nafarroan ez dugu.
Horrexegatik irakaskuntzako aurre matrikulazio kanpainan ez zuen bultzatu D eredua, UPNko Juan Cruz Alliren Gobernuak bere garaian bai egin bazuen ere. Ustezko neutraltasunaren atzean hizkuntza handia babesteko erabaki irmoa hartu zuen oraingo Gobernuak.
Irakasle erdaldunak etengabe hartzeko prest dago oraingo Gobernuak; bere arazo bakarra da ingeleseko eskakizuna nola ezarri (traba juridikoak ditu horretarako). Horrelako asmoa duen Gobernuak D eredua bultzatzeko imintziorik txikiena eginen duela sinesterik ez dago. D eredua orain baino gehiago zabalduz gero, sekulako arazoak izanen lituzke irakasleekin. Ez espero inork Gobernu honen aldetik bide horretatik joaterik. D ereduko lerro bakar bat ere ez da zabalduko, Gobernuaren ekimenez. Gurasoen ekimenez irekiko dira, beti bezala. Beste ereduak edo programak zabaltzeko, ordea, ez da inoiz horrelako beharrik izan.
Ez da egia Nafarroako Gobernuak D eredua eskaini duenik aurten eremu ez euskaldunean. Ikastetxe guztiek aspalditik daukate beren eskaintza zehaztuta. Aurten ere erderazko eskaintza zuten (batzuk PAIrekin). Gurasoek eskatu behar izan dute ikastetxe horietan D eredua, "okupa" moduan. Eskaintzarik, berez, ez da izan, irakaskuntza publikoan. Bai, ikastoletan.
Askotan aipatu da, aldatu beharrik gabe ere, Euskararen Legeak euskararen alde egiteko ahalmenak ere ematen dituela. Arazoa zen UPNren Gobernuek ez zituztela erabiltzen. Euskara zokoratzeko erabiltzen zuten Legea.
Eta orain zer gertatzen da? Ahal horiek hor daude, baina oraingo Gobernua da erabiltzen ez dituena. Oraingo Gobernua tematuta dago UPNk bezain ziztrin Legea kudea dezakeela erakusten. Lotsagarria da, baina egia!
Horrexegatik, Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan euskararen balorazioa arautzen duen Dekretua ez du aldatu. Horrexegatik, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Dekretua ez du aldatu. Ia urtebete pasa da hauteskundeetatik eta uste dugu dagoeneko hori salatzeko garaia dela. Dekretu horiek aldatzeko asmoa adierazi du berriki, baina 3 urte eta 10 hilabete behar baditu, gero UPNren Gobernu batek 2 astetan botako duena egiteko, eraginkortasun ezaz ari gara. Handia, gainera.
Errepideetako karteletan gaztelaniaren nagusitasuna ezarria dauka kartel ereduen bere Eskuliburuan. Aurreko Gobernuaren Eskuliburua bada, gaizki; oraingoarena bada, are okerrago.
Zein izan da oraingo Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikaren helburua, orain arte? Euskara sustatzea? Euskararen normalizazioa? Euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzea? Ez. Oraingo Gobernuaren hizkuntz politikaren helburua orain arte hauxe izan da: UPN ez haserreraztea. Lotsagarriak, oso lotsagarria, baina egia huts-hutsa!
Dagoeneko zerbait egin dezan Nafarroako Gobernuaren zain geratzea alferrikakoa dela somatzen ari gara. Lau urteak igaro daitezke inolako mugimendurik gabe.
2019a iritsiko da eta oraingo Nafarroako Gobernuak boterea itzuliko dio UPNri honelako esaldi batekin: "Jauna, zure ondarea jaso bezala itzultzen dizugu; Administrazio erdalduna jaso genuen eta orduan bezain erdalduna itzultzen dizugu; espero dugu, jauna, zu pozik egotea".
Administrazioan Euskaraz taldeak, jakina, ez du ongi baloratzen Nafarroako Gobernuaren orain arteko jarduna. Murrizketen aurretik zegoen UPNren erreplika besterik ez da, euskararen arloan. Hori bai, gainera, UPNko Juan Cruz Alliren Gobernuaren mailara iritsi gabe, beti ere. Orduan euskara baloratzeko Dekretu hobea zegoen eta Euskal Telebista modu ofizialean ez baina praktikan normaltasunez ikusten zen (era analogikoa zen eta ETB3 sortu gabe zegoen). ETB ikusi ahal izatea, oraingo Gobernuaren ekarpen bakarra zirudiena, orduan lortua zegoen. Tamalez, hori ere Gobernuak lotu gabe zuela jakin dugu. ETB era alegal batean mantentzen zuela, alegia.
Administrazioan Euskaraz taldeak euskaltzaleak Kontseiluaren manifestaziora joan daitzen deitzen ditu. Garbi, oso garbi eduki behar dugu: Gure presiorik gabe, Gobernu honekin ere jai dugu!
Erantzun
Sartu