Teknologia albisteak

Iruñeko Udalean, ingelesa bai, euskara ez

Erabiltzailearen aurpegia
2016-04-10 : 21:51

Babes Zibileko laguntzaile lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetze aldera, hiru izangai-zerrenda osatzeko deialdia onartu zuen Iruñeko Udalak, 2016ko martxoaren 17an. Horietako bat Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko Objektu Galduen Departamenturako, ingelesezko B2 titulua edukitzeko betekizunarekin. Ez, ordea, euskaraz jakiteko betekizunarekin.

San Ferminetan, horrelako bulegoan ingelesa jakitea lagungarria al da? Bai, harremana erraztuko du zenbait pertsonarekin.

Ingelesa Nafarroako bertako hizkuntza al da? Ez. Hizkuntza ofiziala al da? Ez.

Euskara Nafarroako bertako hizkuntza al da? Bai. Hizkuntza ofiziala al da? Hein batean, bai.

Bi hizkuntzen estatusa hori izanik, uler daiteke kanpotarrei ingelesez aritzeko aukera ematea eta bertakoei euskaraz aritzeko ez? Ez, ezin da ulertu. 200 puntuko froga batean, galdera batzuk euskara, ingelesa eta frantsesaren ezagutzari buruz izateak ez du zuritzen egoera hori. Euskara jakin gabe lor daiteke lanpostua; ingelesa jakin gabe, ez.

UPNren garaian horrelakorik gertatzea ez zen bitxia, hala ere. EH Bilduk alkatetza edukita, hori gertatzea uler daiteke? Ez, baina gertatu, bai, gertatu egin da.

Euskararen Ordenantza aldatzea beharrezkoa dela uzten du agerian deialdi honek, hori saihesteko tresnarik ez baitu ematen.

Dena den, euskararen Ordenantzak beste modu batez jokatzeko aukera ematen du. Nola liteke hau horrela izatea?

EH Bilduk IIP (Ingelesa Irakasteko Programa) askotan kritikatu du eta D ereduaren aldeko jarrera garbia azaldu du.

Nola liteke, beste aldetik, IIPren alde egin dezan jendea bultzatzea, horrelako jokaerarekin?

Administrazioan Euskaraz Taldeak bere kritikarik gogorrena egin nahi die Iruñeko Udalari eta bere agintariei, deialdi hau dela eta.

Bide honetatik, EH Bildu oztopoa bihurtuko da nahi dugun administrazio euskalduna lortzeko.

Deialdi hau Iruñeko Udalak onartu zuen egun berean beste bat ere onartu zuen: Pinturako eta hiri-altzarietako lantaldeko arduradunen zerrenda osatzeko. Honetan ere euskara ez zuen kontuan hartu, ezta meritu moduan ere. Apirilaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean beste dialdi bat agertu zen: Artxiboko erdi mailako teknikarien zerrendak sortzeko. Honetan ere jokaera bera. Nahikoa da!

Erantzun

Sartu