Parlamentuak deialdia bertan behera uztea eskatu du. UPN, PP, PSN-PSOE eta Ezkerra alderdiei, Ahal Dugu batu zaie eskaera horretan. Alderdi horiek irakasle gaztelaniadun elebakarren alde egiten dute. Plantilla zurruna nahi dute, gurasoen eskaerei moldatzerik izanen ez duena. Hau da, argi eta garbi, nahi dutena: Euskarazko irakaskuntza zabaltzea oztopatu.
Nafarroako Gobernuak 320 irakasle lanpostu betetzeko deialdia aterako omen du 2016an. Horietatik, 228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz.
Berehalaxe UPN, PP, PSN-PSOE, AFAPNA, CC.OO, UGT eta Ezkerraren kritikak jaso zituen iragarpenak, euskarazko eta gaztelaniazko lanpostuen artean desoreka dagoelako, euren ustez.
Are gehiago, Parlamentuak deialdia bertan behera uztea eskatu du. UPN, PP, PSN-PSOE eta Ezkerra alderdiei, Ahal Dugu batu zaie eskaera horretan.
Gogoratu behar da lehenengo aldiz datorren ikasturtean Nafarroa osoan irakaskuntza publikoan D eredua eska daitekeela. Legearen arabera, gurasoei dagokie eredua aukeratzea eta, horren ondorioz, Administrazioak baliabideak behar ditu, eskaerei erantzuteko. Zer erranik ez, giza baliabideak.
Administrazioak bere kalkuluak egin behar ditu, behar dituen irakasleak jakiteko. Ezinbestean, plantilla malgua behar du. Hau da, irakasle elebidunak behar ditu. Horiek bakarrik prestatuta daude eredu guztietan aritzeko. Ingelesaren eskaintza zabaltzen bada, irakasle hirueledunak izatea komeniko zaio, orduan. Jakina, ingelesaren tokia oraindik finkatu gabe dago, horrelako neurri orokorra hartu ahal izateko.
Alderdi eta sindikatu horiek irakasle gaztelaniadun elebakarren alde egiten dute. Plantilla zurruna nahi dute, gurasoen eskaerei moldatzerik izanen ez duena. Hau da, argi eta garbi, nahi dutena: Euskarazko irakaskuntza zabaltzea oztopatu.
Ez da harritzekoa jarrera hau alderdi eta sindikatu batzuen aldetik, baina tamalgarria da Ezkerra eta Ahal Duguren kasuan, Gobernu berria babesten duten alderdien artean daudelako.
Ezkerra izan zen irakaskuntzaren arloan eremu mistoa eta “ez euskalduna” parekatzea proposatu zuena. Orain errealitate bihurtzeko oztopoak planteatzen ditu. Bihar, ordea, irudi euskaltzalea aurkeztu nahiko du.
Ahal Duguk lehenengo aldiz hartu du erabaki bat euskararen inguruan eta debuta ezin okerragoa izan da.
Administrazioan Euskaraz taldeak bere desadostasunik erabatekoena adierazi nahi du kritika horiek plazaratu dituzten alderdi eta sindikatu horien aurrean. Bereziki, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren jarrera deitoratzen dugu.
Administrazioan Euskaraz taldeak administrazio euskaldunaren aldeko bere apustua berresten du, beraz.
Erantzun
Sartu