Teknologia albisteak

Asto Masto saria UGTri soilik?

Erabiltzailearen aurpegia
2015-07-17 : 00:01

2015eko Asto Masto Saria UGT sindikatuari ematea erabaki zuen Zaldiko Maldiko Elkarteak, ekainean. Euskararen aurka egin duen lagun edo erakunde bati eman ohi zaio sari hori. UGTk ongi merezia irabazi du sari hori, baina afera honetan bera al da saria merezi duen bakarra? Ziur aski, berak baino meritu gehiago egin duenik bada.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2011n egin zuen lan deialdi baten kontrako helegitea aurkeztu zuen UGTk, euskara jakiteari atzerriko hizkuntzak jakiteari baino balio handiagoa ematen zitzaiolako. Helegite hura ontzat jo zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak 2014ko azaroan, eta epai horren harira UGTk kaleratutako agirian sindikatuak berretsi egin zuen jarrera lotsagarri hura.

UGTk ongi merezia irabazi du sari hori, baina afera honetan bera al da saria merezi duen bakarra? Ziur aski, berak baino meritu gehiago egin duenik bada.

Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren ustez, unibertsitateko autonomia printzipioa mugatua da, Nafarroako Funtzio Publikoaren legediaren barruan garatzekoa. Horrexegatik, oposizio-lehiaketa horretan euskarari lehiaketako puntuen % 22’5 ematea eta ingelesa, frantsesa eta alemanari % 16’5 ez du legalitatearen barruan ikusi.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa zuzenbide publikoko erakundea da. Bere langileek berezko Estatutua daukate, Nafarroako Gobernuaren eskumenetik kanpo. Estatuak onartutako Unibertsitate Erreformarako Lege Organikoak arautzen ditu.

Euskararen balorazioa erabakitzeko Euskararen 18/1986 Foru Legea du muga bakarra (ez Funtzio Publikoaren Legea, ez Administrazio Publikoetan euskara erabiltzeko Dekretua, ez ziren hor sartu). Euskararen Legeak eremu mistorako aurreikusi zuen euskaraz jakitea nahitaezko jartzeko aukera eta merezimendu moduan baloratzeko aukera ere bai. Gehiago zehaztu gabe.

Zergatik etorri zen, orduan, Auzitegi Gorenaren epai hura?

Argi dago, legedia alde batetik dago eta epaileen aurreiritziak bestetik. Epaiak ematerako orduan euskara eta euskaldunon eskubideen aurka egin behar dutela sinetsita daude epaileak. Eta lanean etengabe printzipio horrekin aritzen dira.

UGTk Asto Masto Saria merezi zuen, baina erantzukizun handiagoa izan zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak, bere erara eta bere jokabide irrazional horren arabera eman baitzuen epaia.

Nafarroako Gobernu eta Parlamentu berriek badute lana. Hizkuntz politikan dituzten eskumenak erabili behar dituzte. Euskararen Legea eta Administrazio Publikoetan euskara baloratzeko Dekretua aldatu beharra daukate. Unibertsitate Publikoan euskararen erabilera ahalbidetzeko neurri eraginkorrak hartu beharko dituzte. Ez soilik hor, epaileen botere judiziala ere arautu beharko dute, hizkuntza ofizialen inguruko betebeharren ikuspuntutik. Bestela, jai daukagu.

Erantzun

Sartu