Teknologia albisteak

Sanferminetako kartelak kritikatu ditu Nafarroako Arartekoak

Erabiltzailearen aurpegia
2015-01-13 : 00:35
Iruñeko Udalari gogorarazi dio euskararen eta gaztelaniaren tratamendu-berdintasunari buruzko arauari lotu behar zaiola, eta hurrengo San Fermin jaietara begira jarri beharreko kartelak arau horretara egokitzen direla zaintzea gomendatu dio.
Sanferminetako kartelek bi hizkuntzen berdintasuna urratu zuten, Nafarroako Arartekoaren arabera.

Iruñeko Udalak San Fermin jaietan zenbait kartel jarri zituen, Euskararen Ordenantza urratzen zutenak: Komunak iragartzeko kartelak, Feria-Lekua iragartzeko eta Feria-Lekuaren inguruko kartelak, sanferminetako jaien ondorioz zenbait trafiko seinale berri eta Ekipajea uzteko Bulegoko kartela.

Nafarroako Arartekoaren Bulegoan jarritako kexaren ondorioz, Arartekoak afera horrela erabaki du, 2014ko azaroaren 10eko Ebazpenaren bidez:

-
Bi hizkuntzen tratamendu berdintasunari buruzko araua lotuta dago Euskararen Ordenantzaren IV kapituluari (“Kanpo irudia”).

- Hautatutako kudeaketa-formulak ez du eraginik. Berdin da toki-erakundeak zuzenean egitea, beste toki batzuekin batera egitea edo zeharka hirugarrenen bidez. Edozein modutan ere, Euskararen Ordenantzak kanpo irudiari buruz arautzen duena bete egin behar du.

- Hau da, Iruñeko Erruki Etxea edo Iruñerriko Mankomunitatea kartel jartzaileak izatea berdin da. Iruñeko Udalak bere zerbitzuen ardura du eta Euskararen Ordenantza betetzen dela zaindu behar du.

- Ekipajea uzteko Bulegoa enpresa batek kudeatu zuen, Iruñeko Udalak kontratatuta. Kasu honetan ere zerbitzuaren ardura Udalarena da eta Euskararen Ordenantza betetzen dela zaindu behar du. Hau da, euskarazko testuak zuzen idatzita egon behar du (egindako itzulpena oso traketsa zen).

- Komunen tokia adierazteko kartelak Udalak jarri zituen eta, antza denez, 2006. urtetik eginak daude. Ordenantzaren indarraldia berretsi du Arartekoak, tartean baldintza bat sartzerik ez dagoelako. Berdin da 2012ko aldaketaren aurretik kartelak eginak egotea. Kartelak egin ziren dataren menpe ez dago Ordenantza. Beraz, kartel horiek ere Euskararen Ordenantzaren arabera jarri behar ditu Iruñeko Udalak.

- Iruñeko Udalari gogorarazi dio euskararen eta gaztelaniaren tratamendu-berdintasunari buruzko arauari lotu behar zaiola, eta hurrengo San Fermin jaietara begira jarri beharreko kartelak arau horretara egokitzen direla zaintzea gomendatu dio.

Nafarroako Arartekoa oso argia izan da Iruñeko Udalarekin. Espero dezagun hurrengo sanferminetan kartelak Euskararen Ordenantzaren arabera jarrita egotea, bi hizkuntzen berdintasun trataera zainduta!

Erantzun

Sartu