Teknologia albisteak
1

Pelikulak euskaraz ikusi nahi ditugu!

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-07 : 23:25
Zerbaitek huts egiten du etengabe euskarazko filmekin. Katalanak aspaldi ohartu ziren hedabideek eta, besteak beste, filmek hizkuntza normalizatzeko duten garrantziaz, eta berengandik ikas genezake:
Pelikulak euskaraz ikusi nahi ditugu!

Volem pel.lícules en basc!

EITBko hedabide guztiek iragarri digute: “Friends, euskarazko filma zinema aretoetan!” Baina, Berriako kartelera zuzena bada, “zinema aretoan” esan beharko litzateke: Bilbon bakarrik estreinatu zen euskaraz, urriaren 24an, ostiralarekin. Eta Barakaldon, Leioan eta Usurbilen, erdaraz. Ez da oso erakargarria, nonbait. Astearterako ez zegoen aretoetan; hala ere, ETB1-ek iragartzen segitzen zuen.

Zerbaitek huts egiten du etengabe euskarazko filmekin. Katalanak aspaldi ohartu ziren hedabideek eta, besteak beste, filmek hizkuntza normalizatzeko duten garrantziaz, eta berengandik ikas genezake:

Telebista: TV3-k film asko ematen ditu, denak katalanez. ETBk, aste honetan, 12 pelikula emanen ditu erdaraz, eta euskaraz bakar bat ere ez.

Zinema aretoak: Katalunian herritarrak jadanik 1999an hasi ziren mugitzen zinema aretoetan katalana sar zedin, Manifest en suport del doblatge i subtitulat de pel·lícules al català adierazpenarekin.

Hedabideek katalanezko filmei zabalkundea ematen diete: La Vanguardiak eta, bereziki, El Punt Avuik egunero-egunero nabarmentzen dituzte, erdarazko itsasoa den karteleran, katalanez ematen ari diren filmak. Gauza bera egin lezakete hemengo egunkari euskaltzaleek.

Bestalde, euskarazko filmak sustatzeko beste elementu batzuk gogoratzen zaizkigu:

Hobe film erakargarri bakarra euskaratzea, 11 ez-erakargarri baino.

Bikoizketan egindako lana ez dadila alferrik galdu: oso zaila da euskaratutako filmak DVDan topatzea. Agortu eta ez dira berrargitaratzen, eta film gehienak ez daude bideoclub birtualetan. Pirateatu behar ditugu?

Noizbait ere DVDak eskura egoten badira, edo euskarazko filmak bideoclub birtualetara iristen badira, eman dezatela beti euskarazko edo erdarazko azpitituluak izateko aukera, batez ere euskara ikasleei begira.

LTD bidezko telebistak ere azpitituluen aukera eman dezake. Horrela, denak euskaldunak ez diren etxe batean ere ikusi ahal izanen dira filmak euskaraz.

Zinema aretoetan, aldi berean estreina daitezela euskarazko eta erdarazko bertsioak, edo, ahal bada, euskarazkoa lehenago, eta ordutegi onekin. Euskarazko filmek emanaldi gutxiago eta ordutegi makurragoa izaten dute.

Euskarazko filmak toki egokietan estreina daitezela: Gertatu izan da euskarazko bertsioa hiriburuetan ez estreinatzea, edo erdarazkoa zentroan eta euskarazkoa periferian.

Ikusleek erantzun behar dugu. Film gutxi, kaxkarragoak eta ordutegi okerragoa izanda ere, sorgin-gurpila hautsi behar dugu: Euskarazko filmek ikusle gutxi dituzte, beraz film gutxi ematen dira euskaraz, ordutegi txarrean ematen dira...

Katalanek baino hamabost urte geroago bada ere, euskaldunek esan behar dugu: Volem pel.lícules en basc, a ETB1 i als cinemes!

Erantzunak

2014-11-10 : 14:50

Pelikula guztiak behar ditugu. Onak jakina baietz, besteak ere bai.

Aukeraz baliatzea, http://www.uji.es/bin/publ/edicions/jfi10/trad/1.pdf
Linka gaur harrapatutakoa da, egunak 24 ordu dituela.
Orain QTC bitaminikoa.

Erantzun

Sartu