Igande honetan Nafarroako etxe askotan ezin izanen da buruz buruko finala ikusi, eta hala izanen da Nafarroako Gobernuak ahal duen guzia egiten duelako Nafarroan ETB ez dadin LTD bidez ikusi.
Administrazioan Euskaraz Taldeak bere hausnarketa egin nahi du pilotako finala, ETB eta Navarra TVren inguruan.
Finala, ETB eta Navarra TVren lehia desleiala.
Igande honetan Nafarroako etxe askotan ezin izanen da buruz buruko finala ikusi, eta hala izanen da Nafarroako Gobernuak ahal duen guzia egiten duelako Nafarroan ETB ez dadin LTD bidez ikusi. Hauxe da erabili duen azkeneko aitzakia: ETBk pilota emanaldien eskubideak partekatu beharko lituzkeela. Horretaz gain, lehia desleiala praktikatzea egotzi dio. Baina Nafarroan Navarra TV da lehia desleialean ari den bakarra, eta Gobernuarengandik tratu pribilegiatua hartzen ari dena.
0 euro euskarazko hedabideentzat, 4,8 milioi Navarra TVrentzat.
2012. eta 2013. urteetan, Nafarroako Gobernuak 3,3 milioi eman zizkion Navarra TVri, eta 2014. urtean aurreikusia zegoen 1,5 milioi jasoko zituela. Aldiz, Nafarroako euskarazko hedabideei (Esan-erran irratia, Xorroxin irratia, Guaixe, Pulunpe...) Gobernuaren diru-laguntza guziak kendu zaizkie 2012. urtetik hona.
Langile publikoak enpresa pribatu batentzat lanean.
Diruketa hori Navarra TVri emateaz gain, Nafarroako Gobernuak Euskarabidea erakundeko itzultzaileak, langile publikoak, jartzen ditu kate pribatu horren zerbitzura. Itzulpen lanak egiten dituzte Navarra TVrentzat, eta hori justifikatzeko hitzarmen bat sinatu zuten, ustez Administrazioari onuraren bat ekartzen diona.
Euskararen kontrako erasoa eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Itunaren urratzea.
Administrazioan Euskaraz Taldeak buruz buruko finalaren gaia erabili nahi du salaketa hau egiteko: ETB normal ikusteko eragozpenak kalte handia ekartzen dio euskarari, eta bereziki larria iruditzen zaigu Nafarroan ETB 3 ez ikustea (ez LTD bidez ez analogikoki). Sei urte eman ditugu euskarazko marrazki bizidunik gabe. Nafarroako Gobernuaren jarrera honek berarekin dakar Estatu Espainolak Europan hartutako konpromiso hau Nafarroan ez betetzea:
“Eremu urriko hizkuntza (...) hitz egiten duten hurbileko herrialdeetako biztanleek irrati- eta telebista-emisioak modu zuzenean jasotzeko askatasuna (...), eta irrati- eta telebista-emisioen aurka EZ egitea”. (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna, 11.2 artikulua).
http://www.euskarabidea.es/euskara/albisteak/euskarabidearen-eta-navarra-television-en-arteko-lankidetza-hitzarmena
Erantzun
Sartu