Teknologia albisteak

Nafarroan ETB ikusi nahi dugu!

Erabiltzailearen aurpegia
2014-06-16 : 23:45

Administrazioan Euskaraz Taldeak elkarretaratze honen bidez agerian utzi nahi izan du Nafarroan euskarazko hedabide publikoak hartu ahal izatea oraindik konpondu gabeko afera dela eta irtenbidea behar duela.

AITZAKIARIK EZ, GEZURRIK EZ! ETB IKUSI NAHI DUGU!

ETB1, ETB3, EUSKADI IRRATIA ETA GAZTEA IRRATIA NAFARROAN!!

Administrazioan Euskaraz taldeak deituta, dozenaka lagun inguru elkarretaratu da larunbat goizean (13:00etan), Iruñeko Udal Plazan, ETB1, ETB3, Euskadi Irratia eta Gaztea Irratia Nafarroan normaltasunez ikusi edota entzun ahal izateko neurrien alde.

Euskara gure hizkuntza da, eta, beraz, gure eskubidea da euskarazko hedabide publikoak Nafarroan normal hartu ahal izatea. Ordea, hainbat traba tekniko eta legal ditugu euskarazko komunikabide horiek hartzeko. Bereziki larriak dira ETB 3ren eta “Gaztea” Irratiaren kasuak: Bata haurren telebista da, marrazki bizidunak euskaraz ematen ditu, eta bestea gazteendako euskarazko irrati bakarra. Horien faltak kalte handia ekartzen digu euskarari eta euskaldunoi.

 Hau da euskarazko hedabide publikoen egoera Nafarroan:

- ETB 1: Telebista analogikoan bakarrik ikus daiteke.

- ETB 3 (haurrentzako telebista): Ez da ikusten, ez analogikoan, ez digitalean.

- Euskadi irratia: Nafarroako leku batzuetan ezin da hartu.

- Gaztea irratia: Iruñerrian, Nafarroako euskaldun gehienak bizi diren tokian, ezin da hartu, edo oso gaizki.

Hona hemen Estatu Espainolak Europan hartutako konpromisoa, Nafarroan betetzen ez dena:

“Eremu urriko hizkuntza (...) hitz egiten duten hurbileko herrialdeetako biztanleek irrati- eta telebista-emisioak modu zuzenean jasotzeko askatasuna (...), eta irrati- eta telebista-emisioen aurka EZ egitea.” (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna, 11.2 artikulua).


Administrazioan Euskaraz Taldeak elkarretaratze honen bidez agerian utzi nahi izan du Nafarroan euskarazko hedabide publikoak hartu ahal izatea oraindik konpondu gabeko afera dela eta irtenbidea behar duela.

Elkarretaratzearen bideoa:

//www.eitb.com/eu/bideoak/osoa/2330536/bideoa-euskarazko-hedabideen-aldeko-elkarretaratzea-irunean/

Iruñean, 2014ko ekainaren 16an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

Erantzun

Sartu