Teknologia albisteak
1

Ilargiko bidaiaren astean, ikusteko moduko batzuk

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-15 : 13:23

Apollo 11 misioaren 50. urteurrena da aste honetan. Igandean biribilduko da efemeridea, orduan (uztailaren 21ean) beteko delako mende erdia gizakia ilargira iritsiko zela. Bidaia bost egun lehenago hasi zen Cape Cañaveral estazioan, Estatu Batuetan. Zenbait proposamen jarraian, historia zati hau bisualki berregiteko aste honetan.

Baliabide tekniko interesgarri bat Apollo in Real Time tresna da. Ben Feist izeneko ingeniari eta historialariak gidatu du proiektua eta zera da: Apollo misioko datutegi eta irudi historikoak sinkronizatu dituzte web garapen batekin, eta hortaz, 50 urteko "delay" txiki batekin, zuzenean jarraitu ahal izango da Apolloren hegaldia asteazkenetik. Ikuskatzeko beste modu bat ere badago, jada aktibatu nahi baduzu bidaia, "sinkronizazioa" egin gabe.

Ikus-entzunezko esperientzia hori lagundu dezake "hegaldi planarekin". Hau NASAk zabaldu duen PDF dokumentu tekniko bat da, baina grafikoekin ere hornituta dator. Hala ere, teknikoki pixkat gogorra izan daiteke hau. Adibidetxo bat irudi honetan:

Beste era bateko dokumentuak, filmak, streaming zerbitzuetan edo torrentetan aurkituko dituzu. Hona pelikula aipagarri batzuk:

  • Apollo 11 dokumentala. 2017an aurkitu ziren 70 mm-ko filmaketa batzuk ditu oinarri gisa lan honek. Kalitate izugarriko irudiak ziren haiek, baina halako kolore eta ukitu estetiko zaharkitu bat daukate, eta osatu den dokumentalak vintage itxura dauka horregatik, baita soinua ere ordukoa ezarri diotelako. Itxura hotz eta zaharkituaren azpian, zirrara eragiten duen dokumental bat da.
  • First Man. 2018ko filma, non Ryan Gosling den Neil Armstrong. Ilargian oina jarri zuen lehen gizakiaren biografian oinarritua.
  • The Right Stuff. Ez du kontatzen Apollo 11ren misio zehatza, baizik eta NASAren astronautika karrera nola antolatu zen. Aurrekariak, nolabait. Tom Wolfek idatzi zuen erreportaia-liburua eta haren irudikatze epiko nahiko txukuna da. 1983ko film honetan harrezkero milioi bat bidez ikusi den eszena bat dago, astronautak elkarrekin nola  sartzen diren hangar batera.
  • Aurrekariak bezala, ondorengoak ere interesgarriak izan daitezke, bereziki porrot egin zuen Apollo 13 misioaren filmak. Efektu dramatikoetan, First Man-en gainetik dagoela esan daiteke.
  • Men in Black 3. Hau erdi-txantxetan, baina, tira, badu zerbait. Estralurtarrak eta akzioa komedia giroan, denbora-bidaiekin nahastuta. Kasu honetan, Apollo 11-ren jaurtiketaren une zehatzak istorioan zerikusi zuzena du, eta paradoxa tenporalak azaltzeko nahiko ariketa ona da.

 

Erantzunak

2019-07-16 : 14:29

Beste baliabide bat Apollo 11ren aste honetarako https://twitter.com/aiaa kontuan "zuzeneko kontakizuna" egingo dute 50 urteko aldearekin.

Erantzun

Sartu