Teknologia albisteak
1

Teknologia berrien joerak datozen hilabeteetarako: mezularitza eta ahotsa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-06-02 : 10:50

Mary Meeker analista ezaguna da Estatu Batuetan, eta izen handia du Silicon Valley aldean. Urtero-urtero bere analisia aurkezten du (Internet Trends Report), hurrengo hilabeteetarako tendentziak zeintzuk diren aztertuz, eta horren zain egoten dira teknologia berrien inguruko garatzaile, inbertsore eta kazetari guztiak. Atzo aurkeztu zuen 2016. urteko txostena, pare bat ideiarekin laburbildu daitekeena: mezularitza eta ahotsa dira etorkizun hurbila. 

Mary Meekerrek atzo arratsaldean eman zuen hitzaldia Code Conference 2016 ekitaldiaren baitan, eta hantxe azaldu zuen bere ustez zein den gaur egun Internetek daukan egoera eta zeintzuk izango diren datozen hilabeteetako joera nagusiak. 

Bere aurkezpen osoa sarean duzue jada (hau enbidia, Euskal Herrian antolatzen ditugun hainbat ekitaldirekin alderatuta), eta hemen duzue ikusgai, 213 diapotako PPT hori. Hitzaldiaren bideoa ere sareratu dute; behean duzue ikusgai. Dena dela, ideia nagusiak laburbiltzearren, hementxe eskema bat (gaietako asko Sustatun ere aipatu izan ditugu azken asteotan):

  • Internet goia jotzen hasita dago. Hurrengo hilabete eta urteetan ez da haziko azken urteetan beste, normala den moduan. Mugikorren salmenta eta erabilera ere moteltzen hasita dago. Asiako herrialdeei esker jarraitzen du hazten, batez ere (India, gehienbat). 
  • Android ari da irabazten mugikorren "gerra" Applen aurka. Saltzen den iOS bakoitzeko, 3 Android saltzen dira.
  • Testu bidezko bilaketen garaia bukatzear dago. Etorkizun hurbilean, bilaketak ahots bidez edo irudi bidez egingo ditugu. Sustatun eta bi.
  • Iragarki-blokeatzaileen hazkundea oso handia da, Asian bereziki. 400 milioi erabiltzailek darabiltzate horrelako programak. Sustatun honetaz.
  • Hurrengo hilabeteetako tresnarik garrantzitsuenak mezularitza plataformak izango dira: Whatsapp, Telegram eta Snapchat. Azken hori azpimarratu zuen Meekerrek, izan duen gorakadagatik, eta hurrengo hilabeteetan eman dezakeen jauziagatik. Sustatun eta bi.
  • Kotxeen inguruan ere luze jardun zuen, konektibitaterako hurrengo urrats garrantzitsua autoetan gertatuko baita (edo gertatzen ari baita). "Kotxeak dena dauka: mugikor bat da, ordenagailu bat, ordulari bat, GPS bat,...". Tesla proiektuak bizkortu egingo du mundu hori, baina askoz urrats handiagoak ere emango dira epe laburrean. Sustatun Tesla proiektuaz.

Baina askoz gauza gehiago ere esan zituen atzo Mary Meekerrek. Hemen duzue hitzaldia:

Argazkia, Recode.net.

Erantzunak

2016-06-02 : 15:39

Ahots-teknologiak direla eta, gogoratu dezagun euskarazko ahotsa testu bihurtzeko tresna batzuk badaudela jada garatuak. Anhitz proiektua iragarri zen bere garaian (baina AnHitz.com itxita dago egun) eta Googlek berak Google Docs-en du integratua euskarazko ahotsa testu bihurtzeko modulo bat: http://sustatu.eus/1442408544

Erantzun

Sartu