Teknologia albisteak

Tesla Model 3 berria: auto elektriko eta autonomoen iraultza hemen da

Erabiltzailearen aurpegia
2016-04-06 : 12:31

Ostiralean Tesla Motors enpresak bere auto berria iragarri zuen, Model 3 izenekoa. Sona handia lortu du iragarpenak, itxura batean salmenta kopuru handia lortu dezakeelako (dagoeneko 275.000 ibilgailuko aurre-salmenta egon da), eta kotxe elektriko eta autonomoen segmentuaren pizgarria izan daitekeelako. Izan ere, bi iraultza izugarri ari dira gertatzen une honetan: kotxe elektrikoena eta gidaritza autonomoarena. Eta horrek ondorioak izango ditu, ziurrenik, hirien egituran, gidarion ohituretan, eta industria automobilistikoan.

2008an hasi zen Tesla auto elektrikoak saltzen. Hasierako modeloak gama altuko autoak izan dira (Roadster deportiboa 2008an, Model S 2012an eta Model X 2015ean), eta Model X batek 132.000-144.000 dolar inguru balio ditu. 2015ean 51.820 Model S eta 214 Model X saldu zituen Teslak. Enpresa txikia da Tesla, baina auto garesti eta aurreratu hauei esker ekoizpenean eta salmentan esperientzia, eta sona, lortu ahal izan du. Bestalde, Tesla bera "gasolindegi" elektrikoen sare bat osatzen ari da, superchargers delakoena; bertan azkarrago eta doan kargatu daitezke Tesla autoak (Baionan karga-puntu bat dago, adibidez).

Model 3 berria, gainerako Teslaren autoekin alderatuz, "erosgarria" dela esan daiteke. 35.000 dolar balioko du Model 3aren oinarrizko bertsioak. 1.000 dolar (edo eurotan) egin daiteke erreserba eta 2017 amaieran eskuratu ahal izango dute bezeroek. Bi egunetan 276.000 erreserba jaso zituen Teslak, espero baino gehiago. Dagoeneko salgai dago (aurre-salmentan), Ipar Ameriketan, Europan eta Asiako zenbait herrialdetan.

Hemen irakur ditzakezue autoaren ezaugarriak. Gaur egungo edozein ibilgailuk izan ditzakeen ezaugarriak izango ditu (abiadura, erosotasuna, espazioa,...). Nabarmentzekoa da bere bateria elektrikoak 345 kilometroko autonomia duela eta modu autonomoan gidatzeko sistema dakarrela (orain arteko modeloetan softwarea eguneratu beharra zegoen horretarako; azken modeloa bereziki prest egongo da gidaririk gabe gidatzeko). Teslak, gainera, auto bakoitzaren gidaritza autonomoaren datuak jasotzen ditu datu-base zentral batean eta sistema hobetzeko erabiltzen ditu.

Hemen duzue ikusgai Model 3aren aurkezpena. Jatorrizko bideoak 20 minutu irauten ditu, baina The Vergek 5 minutura laburtu du, besteak beste fanboyen emozio orroak kenduz. Hauxe da:

Auto elektriko eta autonomoen bultzada

Jada entzungo zenuten, besteak beste, Tesla Motorsen burua, Elon Musk, dela Steve Jobs berria. Ez gatoz klixe hori errepikatzera. Baina denborak esango du ea bien arteko paralelismorik ba ote dagoen. Jobsen gidaritzapean Applek iPhonearekin smartphone edo telefono adimentsuen kategoria bultzatu zuen. Lehenago existitzen ziren horrelako telefonoak, baina Appleri esker ugaldu egin ziren eta smartphoneek bultzada jaso zuten. Applek bidea ireki ondoren marka berriak sartu ziren eta modelo gehiago agertu ziren, batzuk merke eta konpetitiboak.

Litekeena da Teslaren Model 3 berriak kotxe elektriko eta autonomoen kategoria animatzea. Marka berriak, auto berri eta merkeagoak, ... iraultza baten aurrean egon gaitezke. Mugikor adimentsuek edukia kontsumitzeko eta gure artean komunikatzeko modua aldatu duten bezala, kotxe elektriko autonomoek iraultza suposa dezakete hainbat esparrutan. Googlek bere arrautza-formadun kotxe autonomoa dauka, hainbat markak 2020an salduko omen dituzte haien kotxe elektrikoak, Apple sektore honetan sartzekotan dabilela zabaldu da,... 

Paradigma aldaketa

Auto elektrikoari esker petrolioaren kontsumoa murriztuko da eta CO2 isurketak gutxituko dira. Egia da auto elektrikoentzako indarra ere sortu egin behar dela, eta erregai fosilek pisu handia dutela oraindik, baina ez dezagun ahaztu energia berriztagarriak hazten ari direla etengabe.

Bestalde, Model 3aren beste osagai interesgarri bat gidaritza autonomoarena da. Gaiaren inguruko albisteak ugaritzen joan dira azkenaldian, Google ere horretan dabil, adibidez. Egia da istripuak egon direla (Teslarenak zein Googlerenak izan dituzte istripuak), baina sistema hobetuz doaz etengabe, eta ziurrenik, gizakiok baino hobeto gidatuko dute jada. Beraz, errepideak seguruagoak izango dira.

Ekonomia dela-eta aldaketak etor daitezke, autoen zein energiaren ekoizpen aldetik. Xatakan laburpen ona egin dute. Euskal Herrian kotxe-industriak duen pisuarekin ikusi beharko da ea zer eragin duen gurean.

Kotxe autonomoa eta hirien aldaketa

Bada kontuan izan beharreko beste gai bat: autoaren jabetza. Guk geuk erosiko dugu autoa? edo taxi moduan erabiliko ditugu, Uber bezalako aplikazioak erabiliz? Bigarren kasua interesgarria da eta, eskala handian gertatuz gero, inplikazio izugarriak izan ditzake hiri eta errepideetan.

Gure hiriak, oro har, autoan ibiltzeko daude pentsatuak: galtzada eta aparkalekuek espazio izugarria okupatzen dute. Lisboan egin zen ikerketa baten arabera (PDFa) kotxe autonomoen taxi-flota batek zerbitzu bera emango luke, egun existitzen diren kotxeen %10arekin (hau da, kotxeen %90a soberan dago). Hori egia balitz eta errepidean kotxeen %10a soilik ibili behar bada inplikazio interesgarriak leudeke:

  • Errepideak estuagoak izan daitezke.
  • Ez da horrenbeste aparkaleku behar.
  • Errepideek mantentze gutxiago beharko dute ziurrenik.
  • Kutsadura murriztuko litzateke.
  • Zarata gutxiago egongo litzateke.
  • ...

Bestalde, kotxe autonomo flota batek ezbaian jarri dezake garraio-azpiegituran egin daitezkeen inbertsioak. Floridako (AEB) senatari bat, Jeff Brandes errepublikarra, bertako tranbia proiektu baten aurka dago kotxe autonomoak suposatuko duen iraultzak ezbaian uzten duelako. Zer esango luke senatariak Donostiako metroaren proiektua dela eta?

Prospektibaren terrenoan gabiltza, etorkizun posibleak irudikatuz. Baina leiho interesgarria irekitzen ari da hemen. Kotxe elektrikoena eta gidaritza autonomoarena, bi iraultza izugarri ari dira gertatzen gure begien aurrean, oraintxe bertan. Iraultza horren protagonista izango gara, ziurrenik. Nolakoak izango dira gure hiri eta errepideak 30-40 urte barru? 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago