Hedabide batek Interneten bi negozio-iturri nagusi dauzka eskura: iragarkiak saldu edota edukiak irakurtzearren kobratzea. Duela hamabost-hogei urte hedabide gutxik egin zuten paywall edo harpidetza-ordainsarien alde, eta iragarkiak bilakatu ziren diru-iturri nagusia. Hasieran banner arruntak agertu ziren, mugimendu epilekpsioekin. Ondoren zorionez ia ahaztuak ditugun pop-up gorrotagarriak. Eta egun sarri topatu ditzakegu bere kasa hasten diren bideo edo audio iragarkiak.
Adblockerren inguruan idatzi ostean inkesta bat egin genuen Twitterren erabiltzaileei galdetuz ea Adblockerrik bazerabilten. Hona emaitza:
Adblockerrik eraibiltzen duzu nabigatzean iragarkiak ezkutatzeko? https://t.co/EsbBRKclTV
— Sustatu Albisteak (@Sustatu) November 5, 2015
Baina inkesta bat ez da oso metodo zientifikoa, eta benetako datu bat eskuratu nahian Sustatun azterketa egitea erabaki genuen.
Astebete daramagu aztertzen ea zenbat erabiltzaile dabiltzan iragarkiak blokeatzen gurean. Erabiltzaile eta sesioen %8 inguru dabil Sustatu.eus-en Adblockerren bat martxan duela. Beraz, gure bisitarien %8ari ez diogu publizitaterik erakusten.
Bestalde, artikuluan aipatzen genuen The Atlantic bezalako hedabide batzuk Adblockerra detektatu eta abisua ematen zietela erabiltzaileei gehigarria desaktibatzea eskatuz edota euren lana bestelako moduetan babesten. Horren proba bat egin dugu, gure lokaleko bertsioan, irudian ikus daitekeen moduan, baina ez dugu aurreikusten webgune publikora igotzea.
Pantaila osoaren irudia: http://sustatu.eus/sustatu/1447258927
Ikerketa honek dio erabiltzaileen %25ak adblockerrak jatsi dituela bere mugikorrera http://in.tune.com/tmc-site-ad-blocking-report
Interesgarria artikulua. Bi iragarki blokeatzaile euskaraz mantentzen ditudanez (Adblock Plus eta uBlock), iritzia ematera behartuta ikusten dut nire burua.
Kontuak balantza batean jartzeko, iragarki blokeatzailerik ez erabiltzea erabiltzailearentzat dituen ondorio batzuk aipatu nahi ditut.
Iragarki zerbitzariak software gaizkilea banatzeko erabiltzen dira maiz. Iragarkiei Flash edo Javascript bezalako teknologien erabilera baimentzean, gure ordenagailuetan programak abiatzeko baimena ematen zaie. Publizitate enpresa hauek ez dituzte egin beharreko egiaztaketa guztiak egiten, ezta publizitate enpresa hauekin tratutan hasten diren eduki sortzaileak, eta ondorioz nahiko erreza da asmo txarreko jendearentzat software gaizkilea banatzea, ohikoa da erreputazio txarreko webguneetan, baina lehen mailako webguneetan ere gertatu da onartu nahiko luketen baino gehiagotan.
Publizitate enpresek eta publizitateaz bizi diren enpresa ugarik gutariko bakoitza identifikatu, neurtu miatu eta jarraitzea dute helburu nagusi. Mundu fisikoan onartezintzat joko genituzkeen pribatutasunaren inbasioak mundu digitalean ohiko negozio modelo dira.
Iragarkiek erabiltzaileen atentzioa edukietatik lapurtzeko ahaleginetan askorentzat gogaikarriak diren metodoak erabiltzen dituzte, zaila da testu bat irakurtzea ondoan epilepsia sor lezakeen irudi animatu batekin.
Iragarkiek erabiltzaileen atentzioa edukietatik lapurtzeko ahaleginetan irudi eta animazio oso pisutsuak erabiltzen dituzte, mugikorreko tarifa mugatuekin blokeatzailerik gabe erabiltzaileak ikusi nahi ez dituen iragarkiak ikusteko ordaindu egiten du, ez gutxi.
Irtenbidea ezin da izan izorra daitezela eduki sortzaileak ala izorra daitezela erabiltzaileak.
Iragarki blokeatzaileek erabiltzaileei boterea ematen diete, nork bere etxean zer onartzen duen erabakitzeko aukera, iragarkiak bistaratzea nori onartuko dion erabakitzeko aukera.
Eduki sortzaileek aukera bera dute, beraien esku dago halako tresna bat erabiltzen duena kalean uzteko.
Negoziazio horrek guztientzat onargarri den puntu batetara eraman beharko luke egoera, zentzu horretan nik Adblock Plusek iragarki onargarriak lehenetsita pasatzen uztea defendatzen dut.
Gaur egun ordea gutxi dira iragarki blokeatzailea duten erabiltzaileak kalean uzten dituzten webguneak eta publizitate enpresen gehiegikeriak bere horretan diraute. Nire ustez gutxiegik esaten diotelako ezetz gehiegikeriei.