Teknologia albisteak

Hitzaldia Donostian: Maorien datu burujabetza teknologikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-02 : 09:18

Bihar asteazkena, Zeelanda Berriko / Aotearoako bi teknologoren hitzaldia izango da Donostian, Ibaetako kanpuseko EHUren informatika fakultatean. Te Taka Keeganek hitz egingo du "Maorien Datu Burujabetzaz", hizkuntza gutxitu baten ingurunetik erakunde teknologiko handiei egiten zaien erronka interesgarri batez. Albert Bifetek, berriz, software librean Zeelanda Berrian egindako garapen batzuez hitz egingo du. 

Bi ingeniariak Waikato unibertsitateko irakasleak dira. Hitzaldia izango da bihar uztailak 3, Informatika fakultateko Gladys del Estal aretoan, 11:30etatik 13.00etara.

Te Taka Keeganen hitzaldiak izenburua hau du: Adimen artifizial sortzailea eta Maorien Datu Burujabetza. Alor horretan lan egiten du Keeganek eta, bere hitzaldiaren laburpen aurkezpenean dioenez, Te reo Maori edo maorierari dagokionez, hizkuntza prozesamenduaren gaitasunak eta adimen artifizialak funtzionatzen duen erak nahiko emaitza onak ematen ditu (euskararen inguruan beste horrenbeste esan daiteke, oro har). Hala ere, konpainia handiek eta sistema hauek egiten dituztenek ez dute kezkarik azaltzen erabiltzen dituzten hiztun komunitateen ondareaz, ezta mozkinen edo onuren inguruko parketatzerik planteatzen. Horregatik, maoriek "datu burujabetza" deritzoen planteamendua ari dira lantzen. Horixe azalduko du Keeganek hitzaldian. 

Albert Bifetek, berriz, Waikato unibersitatean garatu duten software libreko tresna multzoaz hitz egingo du, Waikato Environment for Knowledge Analysis (WEKA)/ izendatu dutenaz.

Erantzun

Sartu