Teknologia albisteak

Euskarazko 100 azpidatzi gehitu dituzte Filmin streaming plataformara

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-04 : 12:49

Pantailak Euskaraz ekimena eta Filmin streaming plataforma espainiarra lankidetzan aritu dira azken hilabetetan, eta horri esker euskarazko 100 azpititulutik gora gehitu ditu plataformak katalogoan bere katalogoan. Zenbait iturritako azpidatziak dira, tartean boluntarioek Azpitituluak Euskaraz webgunerako sortuak.

Hemen dago Filminen euskarazko edukien katalogoa (interfazea gaztelaniaz dago). 256 edukizko zerrenda horretan, 100 gehikuntzak azpidatzien bidezkoak dira. Horren aurretik, bazituen euskarazko audio eta azpidatziekin beste hainbat eduki Filminek, euskal ekoizpenak gehienbat.

Gehikuntzaren ondoren, Filmin da gaur egun euskarazko eduki gehien eskaintzen dituen plataforma. Beste streaming plataformetatik, Amazon Prime Videok eta Netflixek egiten dute euskarazko bikoizketa eta azpidatziz banaketa dexente, adibidez, orain ematen ari diren The Boys telesail interesgarriaren 4. denboraldia Prime Videon. Disney Plus eta Max-ek (izen hori hartu du HBO edo HBO Max gisa ezagutzen zenak) muzin egiten diote guztiz euskarazko edukiei. Gero euskal plataforma publikoak daude, EITBren ekimenez sortuak, Primeran eduki orokorrentzat eta Makusi haurrentzako edukiekin, zeinetan praktikan dena dagoen euskaraz.

Filminen euskara gehitu zaien filmetako azpidatzi asko Azpitituluak Euskaraz webgunean zeuden eta daude. Esate baterako, Back to the Future trilogia, Estiu 1993 katalana, Ida Pawel Pawlikowskirena Maialen Sobrinok eta Ander Gortazarrek boluntarioki euskaratua, edo Josu Goikoetxea idazlearen ekarpen parea, Vertigo Hitchcokena eta In the Mood for Love Wong Kar-Wairena(2000. urteko film horretakoa da goiko irudia).

 

Erantzun

Sartu