Teknologia albisteak
1

Hizkuntza kuotak eskatu nahi ditu Kataluniako Gobernuak Espainiako telebista plataformetarako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-28 : 10:34

Laura Vilagra Kataluniako gobernuko presidentetzako kontseilariak adieraz du Katalunian, bertako Gobernuak eta Espainiakoak datorren astean hasi behar dituzten negoziazioetan (abuztuaren 2rako dago jarrita hitzordua), ikus-entzunezkoen ekoizpen eta emisio kuotetan katalana (eta beste hizkuntza gutxituak) sartzearen garrantzia eta funtsezkotasuna aldarrikatuko dutela.

Albiste honetan aipatzen da Moncloa-Generalitate negoziazioetara eramango dutela gaia. Albisteak datu batzuk ere badakartza, nola plataformen legeek eskatzen duten herrialde batzuetan hizkuntza/garapen propioetako kuota edo portzentaia. Herrialde batzuk konparatzeko:

  • Frantzia %20-25, baina hizkuntza gutxituen beharrik gabe.
  • Espainia %5, baina hizkuntza gutxituen beharrik gabe.
  • Italia, %20.
  • Polonia, %20.

Kataluniako Parlamentuan egindako agerpen batean, galdera bati erantzunez portzentaia berriak ere proposatu ditu Vilagra sailburuak: Ekoizpenetan %50 gorde dadila produkzio europarrentzat, eta %50 horren barruan, %30 izan dadila "gaztelera ez diren hizkuntza koofizialentzat".

Hain zuzen ere, Pantailak Euskaraz ekimenak bere aldarrikapenak publiko egin zituenean ekainean, legezko kuoten gai hau ere aipatu zuten, honela:

Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea.

Netflix, HBO, Disney+, Amazon Prime Video, eta gainontzeko plataformei eskatzen diegu, euskaraz sortutako edo euskarara, jadanik bikoiztu eta azpidatzita dauden katalogoko edukietan, euskararen aukera gehitzea eta hori, euskararen eremu guziari eskaintzea. Erakundeei, hori horrela izan dadin, plataforma hauekin negoziatzen hasteko eskatzen diegu, estreinaldi berrietan, euskarazko bikoizketa eta azpidatzi berriak sortzeko prozesuan era proaktiboan parte har dezatela, eta Estatuetako Ikus entzunezko Lege Orokor berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko.

Berriak ere tratatu du gai artikulu batean, zenbait iritzi bilduz.

Erantzunak

2021-07-28 : 10:55

Gai honekin lotutako inkesta bat luzatu du Twitterren Urtzi Urrutikoetxea kazetariak, gai honekin ondo informatuta eta kezkatuta dagoen euskaltzaleak. Hona bere galdera: "Netflix, Disney eta gainerako plataformei, legez, euskararako kuotak ezarriz gero, galdetuko baligute: milioi 1 € ditugu gure produkzioa euskaratzeko (edo 2 milioi, edo 3, adibide bat da, baina proportzioa hor behekoa da). Zelan erabiliko dugu?".

Erantzun dezakezue helbide honetan hurrengo egunetan: https://twitter.com/urtziurruti/status/1420302551220690944

Erantzun

Sartu