Teknologia albisteak

Nabigatzailea euskaraz: mugikorrean ere lehen hitza euskaraz, Firefoxekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-05-10 : 10:15

Interneten nabigatzen ari zarela, zure nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea oso garrantzitsua da. Izan ere, nabigatzailearen hizkuntzak esaten dio munduari zein den zure lehenengo hizkuntza. Zein da zurea? Euskara? Eta nola daukazu konfiguratuta zure nabigatzailea? Euskalduna bazara, Interneten ere euskaraz. Eta adi: nabigatzaileko menuak euskaraz ikusi arren, horrek ez du esan nahi zure nabigazio-hizkuntza euskara denik. Nabigatzailearen ezarpenetara sartu, eta euskara lehenetsi beharko duzu. PCen kasuan nahiko erraza da; gailu mugikorretan, ordea, zaila edo oso zaila. Firefox izan daiteke irtenbide egokia. Firefoxekin, sakelekoan eta tabletean ere erraz lehenetsi ahalko duzu euskara zure nabigazio-hizkuntza moduan. (Oharra: hemen aukera batzuk aipatzen ditugu; besteren batzuk ezagutzen badituzue, gustura entzungo genituzke).

Sarri aipatu izan dugu zein garrantzitsua den gure nabigatzailearen hizkuntza nagusia euskara izatea. Nabigatzaileei eta webguneei adieraztea, Interneten ere lehen hitza euskaraz jaso nahi dugula. Zeren eta nabigatzailea erdaraz konfiguratuta badugu, webgune eleanitzek gehienetan erdarazko edukia emango digute euskarazkoa eman ordez. Horren ondorioak? Erdarazko edukia kontsumituko dugu euskarazkoaren ordez, eta euskara-erabilera estatistika orokorrak jaitsi egingo dira. Hortaz, oso garrantzitsua da nor bere ordenagailu eta mugikorreko nabigatzaileak konfiguratzea, eta lehenengo hizkuntza moduan euskara jartzea. 

Konfiguratu beharra aipatzen dugu, normalean erosten ditugun gailu guztietako nabigatzaileak erdaraz konfiguratuta datozelako fabrikatik (gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez). PCetan nahiko erraza da, baina mugikorretan askoz zailagoa. Horren ondorioak? Adibide bat jartzearren: Sustatu PC bidez kontsultatzen duten bisitarien %45 inguruak dauka nabigatzailea euskaraz. Aldiz, telefonoz sartzen direnen %8ak besterik ez. Gainontzeko %92ak erdaraz dauka nabigatzailea sakelekoan.

PCko nabigatzaileak euskaraz

Sustatun hasiera-hasieratik gaude gai honekin arduratuta (2002koa da gai honen inguruko gure lehenengo artikulua). Urteetan zehar gaiaren inguruan setati jartzeak eta kanpainak bultzatzeak izan zuen eragin txiki bat, eta Chrome eta Firefox nabigatzaileen hazkundearen laguntzaz (Explorer baino euskaldunagoak), gure bisitarien estatistiketan bikoiztu egin zen nabigatzailea euskaraz konfiguratuta zeukatenen kopurua, 2005eko %20tik 2010eko %46ra. Harrezkero, datuak ez dira ia aldatu, nahiz eta azkenaldian beheranzko joera somatzen den. Hortaz, mahai gaineko PC bidez Sustatura sartzen direnen erdiak baino gehiagok oraindik gaztelaniaz dauka konfiguratuta nabigazio-hizkuntza.

Zure nabigatzailea euskaraz jartzeko, begiratu Nabigatueuskaraz.com webgunea. Informazioa zaharkitu samarra da kasu batzuetan, baina lagungarri izango zaizu.

Mugikorrean ere, lehen hitza euskaraz

Baina joan gaitezen alderdirik kezkagarrienera: gailu mugikorretara. Izan ere, nabigazioa gero eta gehiago doa mobiletarantz, eta nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko zailtasun handienak ere hortxe daude, sakeleko eta tabletetan. Hona hemen datu kezkagarri bat: euskaldunon gailu mugikor gehien-gehienetan (%90etik gora), erdara daukagu lehenetsita nabigazio-hizkuntza nagusi bezala (gaztelania, frantsesa zein ingelesa).

Mugikorretako panorama, oro har, oso erdalduna da. Android sistema guztiz euskaratuta egon arren Googlek ez du pakete ofizialean merkaturatzen, eta iOSek ez du sekula euskara maite izan; telefono marka askotan ere, euskara ez da azaltzen aukeren artean; nabigazio-hizkuntza aldatzea ere, zaila (edo ezinezko) da kasu askotan; eta abar... Baina bada aukerarik euskaraz nabigatzeko: Firefoxen (Android zein iOS) eta Safarin (iOS) aldatu daiteke hizkuntza, besteak beste. 

Zure mugikorrak lehen hitza euskaraz egin dezan aukera onena Firefox nabigatzailea erabiltzea izan daiteke. 2012an Joxe Rojas Teknopatak gida hau prestatu zuen Firefox euskaraz jartzeko (hemen Joxeren artikulua Sustatun). Gaur egun errazagoa da. Jarraitu pausu hauek (gaztelaniazko gailuekin emango ditugu azalpenak):

1. Jaitsi Firefox. Hemen Androiderako eta hemen iOSerako.

2. Ireki Firefox eta sakatu menuaren botoia, eskuinean goian ageri diren hiru puntuak. Ondoren, sartu "Settings" edota "Configuración" aukeran.

3. Orain, sakatu "General" aukera.

4. Hemen "Language" edota "Idioma" sakatu behar dugu.

5. Azkenik, hor ageri zaizun hizkuntza sakatu eta hainbat aukera ikusiko dituzu, eman euskarari.

6. Eta kitto, euskara agertuko zaizu. Hemendik aurrera zure mugikorrean nabigatzean lehen hitza euskaraz egingo duzu. Zorionak. Eta eskerrik asko.

Goiko irudiaren egilea Mozilla in Europe.

Erantzun

Sartu