Teknologia albisteak
4

Zabaldu mezua: Nabigatu euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-12-03 : 09:12

Euskararen Egunaren atarian, euskal internauten arteko ekimen baten berri ematera gatoz: NabigatuEuskaraz.com . Azken urteotan Sustatun kanpaina bat izan dugu martxan, euskaldunon nabigatzaileak euskaraz konfiguratuta izateko. Hor zeuden instrukzioak berritu ditugu eta, PuntuEus elkartearen babesarekin, kanpaina zabaltzeko bide bat asmatu ere bai: kode puska bat jarri webgunea euskaraz baduzu, eta zure bisitarien nabigatzaileak euskalduntzen lagun dezakezu.

Gertatzen da euskaldun askok, nabigatzailean lehen hizkuntza gaztelania, ingelesa edo frantsesa daukagula, euskara izan beharrean. Hau da, hizkuntza-hobespenetan, euskara izatea lehenengo hizkuntza. Zure nabigatzaileko hizkuntza hobespenak zein diren ikusteko, bisitatu Atxukale.com, horretarako detektagailua baitaukate.

Nabigatzaileak ere lehenengo hitza euskaraz emateak duen garrantzia ikusita, kanpaina horri indar handiagoa ematea pentsatu dugu eta webgune berria ipini dugu sarean: NabigatuEuskaraz.com

Euskal Internauten arteko ekimen bateratua izan nahi du eta guztion parte-hartzea bultzatu nahi dugu, bai atxikimendua emanez, bai kodea kopiatu eta norbere webgunean itsatsiz. Oso erraza da, hementxe duzu informazio osoa: http://nabigatueuskaraz.com/kanpaina Nahi baduzu, zure lagunei ere pasa mezua eta gonbidapena.

Eskatzen dugun ekintza zera da.

  1. Batetik, jakina, nabigatzailea ez baduzu euskaraz, euskaratzeko.
  2. Euskaraz baduzu jada, zabaltzeko kanpaina zure webgune edo blogean (euskarazkoa bada) ohar/aplikazio bat agerraraziko duen kode pusketa hau itsastea.

Kodea itsastearen efektua zera da:

  • Euskaraz duenak ez du barra hori traba egiten aurkituko, baina kodea itsatsi den lekuan koadro txiki bat agertuko da, hau bezalakoa:

  • Efektua ikus dezakezu Sustatun bertan, gauza bat edo bestea agertuko zaizu, goiburuan edo eskuineko zutabean, segun zein hizkuntza konfigurazio daukazun.

Teknikoki, NabigatuEuskaraz.com CodeSyntax-ek egin du. Ekimenak PuntuEus elkartearen aldekotasuna ere jaso du. Katalanezko aurrekari bat bertako PuntCat elkarteak atera izan du, eta huraxe erreferentzia interesgarria dela pentsatu izan dugu, beste euskal internauta batzuek bezala.

Erantzunak

edurne bilbao
2010-12-02 : 14:22

Zorionak, ekimen bikaina eta adibidea jarraitzekoa!



Iradokizun bat: Gaztelaniaz dutenek nabigatzailea, halako webgune bat bisitatzean agertuko zaien barratxo horretako mezua "zigor kutsukoa" dela iruditzen zait: hemen gaude berriz euskaldunak haserre, ez duzulako euskaraz egiten/erabiltzen....



Zentzu positibo bat eman dezakegula usten dut:



Ez zaude euskaraz nabigatzen!!! azaldu beharrean, motibagarriagoa eta dotoreagoa iruditzen zait estilo honetako zerbait:



"Ba al dakizu ez zaudela euskaraz nabigatzen?"

"Interneten ere lehen hitza euskaraz, anima zaitez"





Beno, ideia bat da, neri gustatuko litzaidakena. Eskerrik asko mezu hau irakurtzeagatik.



Jon Koldo Arteaga
2010-12-02 : 18:53

Zorionak!

albisteak 2.0
2010-12-04 : 00:26

Albisteak 2.0 berezia egin dugu Euskararen nazioarteko egunean. Euskarazko nabigazioari, euskarazko kultur sorkuntzari arreta berezia jarri diogu, beste behin.

Atsegina egingo zaizuelakoan, emakumearen egoerarekin alderatu dugu hizkuntzarena.

Antton
2010-12-07 : 13:34

Nabigatu euskaraz: honez gero notizia zaharra da, baina nik oraintxe izan dut honen berri, eta beranduxe bada ere, hona nire "iritzia" eta proposamena:



"Asistentzia" serbitzu baten beharrean naiz. Izan ere, orain daukadan Google delakoan sartzen nahiz eta...aukeratu hizkuntza...ez da ageri euskara/basque/vasco... Eta zer egin?. Googleren beste bertsioren bat jautsi?. Ez naiz fio, berriki egin nuen eta konfikurazio guztia hautsi zidan...



Berriro diot: "Asistentzia" serbitzu bat euskaraz beharrezkoa dugu guk (adinean goiti goazenok) eta baita gazteago askok ere (40 urte inguruko irakasle batzuk ezagutzen ditut, interneten pantaila dena erderaz...beldur, aldatzeko beldur...hankaundi samarrak direlako beraiek ere neu bezalatsu).



Beraz ASISTENTZIA EUSKARAZ. Klikatu, eta "urrutiko kontrola" hartuz (control remoto), sartu eta konfiguratu, eta...dohainik edo urtean zerbait ordainduta, fundazio edo antzeko baten eskutik...gauza asko egin daitezke (notiziak, bilatzailea, musika...). Hor badako lana gazte antzosu batentzat lain.



Mesedez, hartzen badit mezua norbaitek, erantzun.

Erantzun

Sartu