Teknologia albisteak
1

Euskal Herria, munduan liburu gehien argitaratzen duten herrialdeen artean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-11-07 : 09:55
International Publishers erakundeak euren urteroko txostena (ikusi PDFa) argitaratu du, 2013an munduan zehar argitaratutako liburuen laburpenarekin. Besteak beste, 40 herrialdetan argitaratu diren liburuen laburpena egin dute. Liburu gehien argitaratu zuen estatua Txina izan zen (440.000 titulu ezberdin); biztanle kopurua kontuan hartuta, ostera, Erresuma Batua da gehien argitaratzen duena (2875 nobedade milioi bat biztanleko). Eta euskarazko ekoizpena aztertuko bagenu? Non legoke Euskal Herria?

Hemen daukazue Nazioarteko Editoreen Elkarteak (International Publishers) emandako datuen laburpena (txosten osoa PDF honetan). Liburu gehien argitaratu dituzten estatuen artean, aurreneko 2 postuetan herrialde erraldoiak daude: Txina (440.000) eta Estatu Batuak (304.912), liburu berriak eta berrargitalpenak kontuan hartuta. Hirugarren postuan Erresuma Batua dago (184.000), Europako herrialdeen artean aurrenekoa. Bere atzetik datoz munduko beste herrialde aberatsenetako batzuk, Errusia, Alemania eta Japonia; eta juxtu euren atzetik Espainia (76.000 titulu) eta Frantzia (66.000). 

China 444000
United States 304912
United Kingdom 184000
Russia 101981
Germany 93600
Japan 77910
Spain 76434
France 66527
Italy 61100
Turkey 42626
Taiwan 42118
Korea 39767
Indonesia 30000
Australia 28234
Argentina 26387
Vietnam 24589
Mexico 23948
Ukraine 21500
Brazil 21085
Malaysia 19171
Czech Republic 16600
Thailand 14000
Poland 13410
Colombia 10922
Hungary 9202
Georgia 7736
Austria 6811
Norway 6373
Finland 3965
Slovenia 3661
South Afrika 3653
Pakistan 3500
New Zealand 2394


Liburu-ekoizpena biztanle kopuruaren arabera aztertzen badugu, ordea, eta nobedadeak bakarrik aztertuta, zerrenda asko aldatzen da. Zerrendako lehenengo postuetan, batez, ere, herrialde exportatzaileak daude, Erresuma Batua (2875 nobedade milioi bat biztanleko), Taiwan (1831) eta Espainia (1626), zeintzuek euren produkzioaren zati handi bat kanpoan saltzen duten. Baina herrialde txiki batzuk ere indartsu azaltzen dira, adibidez, Eslovenia, Txekiar Errepublika, Georgia eta Norvegia. Estatu Batuak, aldiz, 12. postura jaisten da, eta Txina 25.era. 

Titulu berriak milioi bat biztanleko

United Kingdom 2875
Taiwan 1831
Slovenia 1831
Spain 1626
Georgia 1547
Czech Republic 1509
Norway 1275
Australia 1176
Germany 1156
France 1008
Italy 1002
United States 959
Hungary 920
Korea 795
Finland 793


Harrigarria da, hala ere, zerrenda horretan Islandia ez azaltzea, ziurrenik munduan gehien idazten eta irakurtzen duen herria. Urtero 1000 liburu berri inguru argitaratzen ditu, 320.000 biztanle izanik. Hortaz, gutxi gorabehera 3000 nobedade argitaratzen dituzte miloi bat biztanleko, aurreko guztiek baino gehiago.

Eta Euskal Herria?

Eta Euskal Herria? Non legoke euskarazko produkzioa? Euskal Herrian orotara argitaratzen diren liburuen kopurua lortzea ez da hain erraza, baina euskarazkoa urtero neurtzen du Jakinek. 2008a izan zen historiako onena, baina harrezkero jaitsi egin da liburu-ekoizpena (gora-beherekin). Hala ere, urtero 2000 liburutik gora argitaratzen dira euskaraz, gehienak nobedadeak. 

URTEA ARGITALPENAK NOBEDADEAK
2008 2597 1844
2009 2363 1678
2010 2111 1594
2011 2246 1628
2012 2005 1383


Gutxi? Asko? Beste herrialdeetan bezala, biztanleen araberako datuak ateratzen baditugu**, eta 2012ko datuak kontuan hartuta, emaitza argigarriagoa da:

Urteroko argitalpen berriak milioi bat biztanleko

Islandia 3112
Erresuma Batua 2875
Euskal Herria 1976
Taiwan 1831
Eslovenia 1831
Espainia 1626
Georgia 1547
Txekiar Errepublika 1509
Norvegia 1275
Australia 1176


Hortaz, datuak oker ez badaude, mundu mailako podiumean daude euskal idazle eta argitaratzaileak. Zorionak!

** Oharra: 700.000 euskaldun garela hartu dugu oinarritzat; inkesten arabera, 600.000-800.000 euskaldun inguruko kopurua erabili izan da, eskuarki.

Erantzunak

2014-11-08 : 12:11

Oso datu interesgarriak plazaratu dituzue. Eta Twitterren honen inguruan egindako galderen harira: argitaratu bai baina irakurri? Zenbat irakurtzen da? https://twitter.com/txargain/status/530650464296005632

Agian interesgarria da, Patxi Juaristi soziologoak 2013an argitaratu zituen bi artikulu hauek: "Zenbatek kontsumitzen dute euskal kultura?" (Karmel aldizkarian, 282. alea) eta "Euskal kulturaren kontsumitzaileen azterketa kuantitatiboa" (Inguruak aldizkaria, 54. alea).
Juaristik egindako lanetan aipatzen duenez: "...hipotesi gisa esan genezake 4.000 - 5.000 pertsonek osatzen dutela euskarazko liburuen irakurleen
komunitatea; hau da, euskaldungoaren % 0,6 eta % 0,7 artean."

Datu hori emateko Jaurlaritzaren "Hábitos de lectura y compra de libros
en Euskadi txostenak", Durangoko azokan euskal idazle irakurrienen salmenta datuak eta Euskal Editoreen Elkarteak emandako datuak izan zituen kontua.

Erantzun

Sartu