Teknologia albisteak
2

Netflix erabiltzen, lehenengo inpresioak

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-23 : 09:48

Netflix enpresa amerikarrak jarraitzen du munduan zehar zabaltzen. Herenegun ireki zituen ateak Espainian eta, harrezkero, Hegoaldeko euskaldunok ere erabil dezakegu Interneteko bideoklubik handiena dena. Guk ere probatu dugu, eta hementxe lehenengo inpresioak: tresna arin eta intuitiboa, erabiltzailearengan pentsatua, oraindik eskaintza mugatua duena, baina epe labur-ertainera merkatuaren zati handi bat jango duena. Telebista ikusteko modua aldatzen ari da, zalantzarik gabe.

Netflix interneteko bideoklub handi bat da; film eta telesailak streaming bidez eta nahieran ikusteko zerbitzua. 69 milioi harpidedun ditu mundu guztian Netflixek, Wikipediaren arabera. Aste honetan jarri du abian bere zerbitzua Hegoaldean (Iparraldean duela urtebete hasi ziren). Gurean berri samarra den arren, ez da enpresa gaztea, 18 urteko esperientzia eta eskarmentua duelako bideoen esparru honetan.

Sarrera eta hasierako inpresioa

Hileko bidesari baten truke (8-12 euro bitartean), Netflixen katalogoko eduki guztia kontsumitu dezakegu. Hiru harpidetza aukera eskaintzen ditu Netflixek, emankizunaren kalitatearen eta aldi berean erabil ditzakegun gailu kopuruaren arabera. Dena den, azaroaren 21era arte, doan probatzeko aukera ematen du.



Gailu gehientsuenetan erabil daiteke: telebistan, mugikorrean, tabletean edota ordenagailuan. Hamaika gailurekin bateragarria da: Windows, Mac eta Linux (hack txiki batekin) sistemak; iOS eta Android mugikorretarako sistema eragileak; hainbat SmartTV eta bideo-kontsola; Chromecast eta Apple TV bezalako aparailuak; eta abar.

Gainera, kontu bakarra sortuta, hainbat erabiltzaile-profil sortu ditzakegu kontu horren baitan, sarbidea beste pertsona batzuekin partekatzea erraztuz. Familiako beste senideekin, adibidez, bakoitzak bere sarrera eta profila izan dezan. Haurren kasuan, gainera, Netflixek 12 urtetik beherako programak bakarrik ikusten lagako die.

Netflixekin daukazun lehenengo harreman hau oso azkarra eta intuitiboa da. Erabiltzailearengan pentsatuta dago, eta 2-3 minututan, izena eman eta zerbitzua probatzen egon zaitezke, zure lehenengo pelikula edo seriea ikusten. 

Netflixen eskaintza Espainian

Azken urteetan Netflixen bereizgarrietako bat izan da berak produzitu dituela zuzenean hainbat eduki. House of Cards eta Orange is the New Black dira fama lortu dutenetariko batzuk. Emisio-eskubideak direla eta eduki propio guztia ez du eskainiko hasieratik Espainian. Eta egia da katalogoa ez dela AEBetan den bezain zabala. Baina, beste herrialde batzuetan egin duten moduan, katalogoa handitzen joango dira, erabiltzaileen jarduna ondo aztertu ostean, eta euren gustuak ezagutu ondoren (telesailak edo filmak, dramak edo komediak, eta abar).

Frantzian, esaterako, katalogo gutxirekin hasi ziren duela urtebete. Baina edukiak gehituz joan dira, baita Marseille bezalako produkzio lokalak sortuz ere (House of Cards-en adaptazio frantsez bat, Netflix berak egina). Urte beteren buruan 900.000 erabiltzaile edukitzera iritsi dira, eta 2020-2025 tarterako 10.000.000 erabiltzailetik gora izatea aurreikusten dute.

Netflixek telebista ikusteko modua aldatzen du. Katalogoko edozer ikus dezakegu, nahi dugunean, iragarkirik gabe. Netflixek bere produkzioko telesailak modu berezituan zabaltzen ditu baita ere: denboraldi osoko atalak aldi berean. Telebista konbentzionala albistegi eta zuzeneko gertakizunetarako geratu daiteke. Datu demografikoek erakusten dute, gainera, bere arrakasta gorantz joango dela datozen urteotan. Honengatik guztiagatik ziurrenik, Netflixek bere lehiakide moduan ez du telebista, PopCorn Time bezalako P2P zerbitzuak baizik.

Edukiak ikusterako orduan, hainbat bertsio eskaintzen ditu Netflixek, bai audioaren hizkuntza zein azpitituluetarako. Hori guztiori ere oso modu errazean kudeatzen du.

Hori bai, ez espero euskara bertan aurkitzerik oraingoz. Horren alde egin gura duen ekimen bat jarri dute martxan Change.org-n, Jaurlaritzak Canal+ katearekin egin zuen hitzarmena gogoratuz. Antena3 katearen telesail batzuk badaude, zergatik ez ETBk sortzen dituen zenbait eduki txertatu bertan?

Erabilera-froga eta lehenengo inpresioa 

Android aplikazioan probatu dugu Netflix, Chromecast gailuarekin telebistara edukia bidaliz. Erraz erabiltzen da modu honetan, telesail bat aukeratu, adibidez, audioaren hizkuntza eta azpititulua aukeratu eta telebistara bidali. Netflixek hurrengorako oroituko du zein telesail ikusten ari zinen, aplikazioaren hasieran erakutsiz.



Erabiltzaileak jasotzen duen lehenengo inpresioa oso positiboa da:

  • ia edozein gailu konektatu dezakegu Netflix aplikaziora. Eta SmartTVrik ez duenak ere, erraz lotuko du gero eta erabiliagoak diren Chromecast gailuei esker
  • interfazea sinplea bezain eraginkorra.
  • eskaintza mugagabea, tarifa lauaren truke.
  • erabiltzaile bakoitzaren interfazea moldatzen joango da, saioak ikusi ahala. Netflixek gure gustura egokitutako eskaintza erakutsiko digu gutako bakoitzari, oinarri teknologiko handiko aholku-sistema baten bidez (Amazonek erabiltzen duenaren antzekoa). 

Laburbilduz, Netflix geratzeko etorri dela. Esperientzia zabala dauka, abantaila teknologikoa, baliabide ekonomikoak, eta izen oneko marka landuta. Eta horrekin batera, produktu on eta erakargarria, prezio konpetitiboan. Katalogoa handitzen joan ahala, erabiltzaileak lortzea berez etorri daiteke.

Netflix eta Wuaki alderatzen

Tankerako zerbitzua ere probatu izan dugu, Wuaki.tv. Hau ere Android eta Chromecast konbinazioarekin. Bien artean dagoen desberdintasuna da Wuaki.tv-ek, harpidetza aukeraz gain katalogo berrixeagoa ikusteko aukera ematen duela film bakoitzagatik ordainduta.

Urtebete pasa daramat Wuaki erabiltzen. Nago zerbitzuak merezi duela. Modu errazean, azkar eta eroso ikus ditzaket hainbat eta hainbat eduki. Nik nahi dudanean, nahi dudan audio bertsio eta azpitituluekin. Gehienbat telesailak ikusi ditut: House of cards, Sherlock, The Pacific, The Game eta orain Halt and catch fire.

Netflix gustatu zait baita ere. Bien arteko aldea katalogoan egongo da. Telesail interesgarriak topatu ditut Netflixen, Marco Polo eta Narcos adibidez. Azaroaren 21era arte daukat orain erabakitzeko ea bi zerbitzuetako zein ordaintzen jarraitu. Litekeena da Netflix aukeratzea, mundu mailan duen pixuarekin eskaintza oparo eta interesgarriagoa izaten amaitu dezakeelako. Bata zein bestea primerako aukerak iruditzen zaizkit.

(Wuakiren Android interfazea)

 

Erantzunak

2015-10-23 : 11:49

Smart TV-ko aplikazioa atzo instalatu nuen eta ezin izan diot oraingoz denbora askorik dedikatu, baina iruditu zait pelikulen katalogoa ez dela oso sakona oraingoz. Doako hilabetea dutelako sartu naiz, ez dut uste gero jarraituko dudanik, baina iruditzen zait bezero asko geratuko direla, eta eredu honek etorkizun ona izango duela.

Euskararen aukerak aipatzen dituzularik... Canal Pluseko hitzarmenaren ondorioz, aurten Netflix-eko telesailen batzuk euskaratu dituzte, beraz, azpidatzi horiek, teorikoki, hor daude. Integratuko ote dituzten... ez dakit.

Baina euskarak plataforma hauetan egon behar badu azpitituluen bidez izan beharko da. Nik http://Azpitituluak.com mantentzen lan pixka bat egiten badihardut eta uste dut bertako 700 pelikulako katalogoa ez dela alferrik osatu bertan. API bidezko estandarren bat ezarriko da noizbait, eta egun horretan Azpitituluak.com-eko azpidatzi euskaldunak konektatu ahal izango dira beste zerbitzu batzuekin. Netflix aplikazioan baino lehenago, suposatzen dut PopcornTime edo halakoren batean gertatuko dela, baina uste dut egun hori ikusiko dugula.

2015-10-28 : 13:02

Beste konparaketa honetan, @filmin irabazle, @macmikel @sustatu. http://cineonline.blogs.fotogramas.es/2015/10/27/filmin-es-la-mejor-plataforma-digital-de-espana-segun-tviso/. Baina gehienbat eduki kopuruari begiratu diote, eta artikuluan bertan zehazten duten moduan, hori ezin da izan irizpide nagusia, noski. Izan ere, esango nuke irizpide nagusia erabat subjetiboa dela horrelako kasuetan: norbere gustuak.

Erantzun

Sartu