Teknologia albisteak

Euskarazko ahotsa Waze GPS aplikaziorako

Erabiltzailearen aurpegia
2013-03-02 : 23:30
waze201302Batzuek behintzat gogoan izango duzue aspalditxo kontatu nizuena Waze GPS aplikazioaz. GPSa baino gehiago dela esan daiteke, gidarien sare sozial bat edo horrelako zerbait. Sarrera honetan harekin lotutako opari bat (bueno, eta eskari bat ere bai) ekarri dizuet...
Info gehiago teknopataren txokoan ;-)

waze-mnagusiaGPS euskalduna

Erabat soziala izateaz gain, Waze guztiz irekia dago itzulpen komunitarioak onartzeko, eta hizkuntza mordo batean eskuratu daiteke, tartean euskaraz. Transifex plataforma erabiltzen dute itzulpenetarako, eta euskarazko itzulpenak ere asko aurreratu du uztailaz geroztik. Bi proiektu daude Transifex-en, Wazekin lotuta:

Horrez gain, Google talde bat ere badago Wazen euskarazko itzultzaileentzako.

Uste dut hiruretan ere 'baimena' eskatu behar dela sartzeko, baina tira, neuk lortu banuen ez da oso zaila izango!

Edonola ere, hor gabiltzan taldetxoaren ahaleginari esker, Waze interfazea euskaratuta dago ia osorik. Falta den bakarra beste aplikazioen bidez zabaltzen diren mezuak dira (Norberaren kokapena konpartitzeko Gmail, Twitter edo FaceBook bidez bidaltzen diren mezuak, esaterako). Baina tira, erabiltzeko moduan dago.

Ahozko jarraibideak probatu... (eta hobetzen lagundu!)

Amaierarako utzi ditut hasieran aipatutako oparia eta eskaria: oparia Wazen euskarazko ahozko jarraibideen beta bertsioa. Guztiz beta dira, mezuen euskaraketa eta grabazioa ere korrika & presaka egindakoa delako. Baina tira, uste dut baliagarriak direla proba modura.

Nola instalatu euskaraketa

Waze euskaraz hitz egiten jartzea ez da zaila, baina denbora apur bat eskatuko dizue. Lehenengo eta behin, aplikazioa instalatu behar duzue, eta gero hona pausuz pausu egin beharrekoa:

  1. Deskargatu ahotsen artxibo trinkotua (ZIP, 2.9 Mb), eta erauzi zuen ordenagailuan. eu_joxe izeneko karpeta bat ikusiko duzue.
  2. Waze aplikazioa zabalik badaukazue, itxi. Konektatu zuen gailua ordenagailura bere edukiak ikusi ahal izateko.
  3. Zuen segapoto edo tabletan, bilatu wazeizeneko karpeta bat. Android gailuetan gutxienez, gailuaren memoriako erroko karpetan aurkituko duzue. Haren barruan soundkarpeta bat topatuko duzue. Hartu eu_joxe karpeta eta kopiatu bertan.
  4. Itzuli zuen gailuko waze karpetara, eta bilatu bertan prompts.confizeneko artxibo bat. Egin artxibo horren kopia bat, badaezpada, prompts.conf.bak izenarekin.
  5. Orain, editatu prompts.conf artxiboa testu editore batekin. Ikusiko duzuenez, zerrenda sinple bat da: bertan agertzen da hizkuntza bakoitzaren soinu artxiboak zer karpetatan dauden, eta hizkuntza hori nola agertzen den menuan. Lerro bat gehitu behar diogu artxibo horri, testu honekin: eu_joxe,Euskara (Joxe, beta)
  6. Gorde artxiboa eta deskonektatu gailua ordenagailutik.
  7. Orain ireki Waze aplikazioa. Menuan (ezkerreko beheko ikurra), aukeratu Ezarpenak > Soinua. Hor barruan, aukeratu "Gidatzeko laguntza maila: Norabideak bakarrik (gaiekin)".
  8. Egin atzera. Orain joan Ezarpenak > Orokorraatalera. Nabigazio gida menuan, aukeratu Euskara (Joxe, beta).

Listo! Aurrerantzean, nire ahots ortopedikoak gidatuko zaituzte zure bidaietan! :-) Probatu eta esango didazue zer moduz doakizuen.

Nola lagundu

Laster konturatuko zarete, hala ahozko esaldi horien itzulpenak nola grabaketa bera azkar (& merke) samar eginda daudela. Zuotako baten batek gogoa eta aukera izanez gero, ondo egongo litzateke mezuen euskaraketa gainbegiratzea, eta, ahal izanez gero, txukun grabatzea.

Lagundu nahi baduzue, hemen dituzue itzuli beharreko esaldiak (oso gutxi dira). Aldaketarik egin nahi baduzue, gehitu zutabe berri bat eta hortxe idatzi aldatuko zenituzketen esaldiak, ados?

Baten batek grabazioak ere egin ahal baditu, hona jarraibide minimo batzuk:

  • audioak mp3 formatuan gorde, 320kbps ko kalitatean
  • ez utzi isilunerik audio pieza bakoitzaren hasieran edo amaieran

Animatzen bazarete, abisatu eta bidali grabazioak postaz (joxerg gmailen), Wazeko jendeari helarazteko, ados?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago