Teknologia albisteak

Change.org: Big Dataren negozioa

Erabiltzailearen aurpegia
2017-01-24 : 11:26

“Munduko eskaera-plataformarik handiena”, dio ‘Change.org’ atariko claimak. Milioika herritar pasatu ei dira akziora. Eta milioika erabiltzaile horien inguruko informazioa bilakatu da salerosketa-gai. Change.org webgunean kontu edo profil bat abiarazten dutenek eskaera jakin bat argitara dezakete, ondoren bisitariek, nahi izanez gero, babes dezaten. Oro har, osasunari, hezkuntzari, justizia ekonomikoari edota ingurugiroari loturiko giza eskubideekin zerikusia duten aldarriak bildu ohi ditu.

"32 urte ditut. Santa Barbaran jaio nintzen, San Frantziskon bizi naiz. Ekintzaile digitala naiz, London School of Economics-en ikasitakoa. Ezkongabe nago eta ez dut seme-alabarik. Politika? Jendeari boterea ematea. Formazio katolikoduna naiz. Aktibismo digitalerako plataforma bat sortu dut”. Halaxe aurkeztu zuen bere burua Ben Rattay Change.org atariaren sortzaileak orain urte batzuk. Egun zuzendari exekutiboa den horrek Marcos Dimas eta Adam Cheyer ikaskideekin batera (biak hala biak Garapen Teknologiko alorreko zuzendariak gaur egun) 2007ko otsailaren 7an abiarazi baitzuen Change.org.

Azaleko lehen begiratu batek webguneak berak dioena baiezta lezake: alegia, sinadurak online biltzeko plataforma bat dela. Bertan kontu edo profil bat abiarazten dutenek eskaera jakin bat argitara dezakete, ondoren bisitariek, nahi izanez gero, babes dezaten. Oro har, osasunari, hezkuntzari, justizia ekonomikoari edota ingurugiroari loturiko giza eskubideekin zerikusia duten aldarriak bildu ohi ditu. Artikulu hau idazteko unean, esaterako, eskoletako jangeletan janaria alperrik xahutzearen aurkako sinadura-bilketa bat zen martxan (234.177 sinatzaile), edota adingabeen aurkako delitu sexualek ez preskribatzeko eskaera (332.848 sinatzaile).

Irabazi-asmodun webgunea

“Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) baten baloreak startup teknologiko baten malguntasunarekin eta izaera berritzailearekin konbinatzearen emaitza” omen da Change.org plataforma, betiere Ben Rattayren aburuz: “Izaera sozialeko ekimena da hau, enpresaren boterea jendartearen ongizaterako baliatzen duena”; ingurua aldatzeko tresnak herritarren eskura jartzen dituztela dio Rattayk. Baina zuzenagoa litzateke esaldiari buelta eman eta ekintza soziala edo jendearen ekintzailetza negozio pribatuaren mesederako baliatzen duela esatea. Izan ere, Change.org irabazi-asmodun ataria da, Change.org Inc. korporazio estatubatuarrak kudeatua, hain zuzen. Aipatu sozietate hori Delaware estatuan eratu zuten eta bertan du egoitza; eta adi, Delaware, Wyoming eta Nevada baitira sozietate mugatuen kasuan zerga-salbuespena aplikatzen duten AEBetako hiru estatu bakarrak. Hortaz, Change.org plataformak paradisu fiskalen aurkako eskaerak martxan dituen arren, Change.org Inc. enpresak ez ditu bere irabaziak publiko egiten eta ez du zergarik ordaintzen.

Baina ‘.org’ domeinu orokorra baliatuta (egun ez dago luzapen hau erabili ahal izateko baldintza edo betekizun zehatzik), Change.org-k bere enpresa-jarduera (zergak ordaindu beharrik gabekoa gainera) estali edo makillatzen du, publikoak, oro har, irabazi-asmorik gabeko ekimenekin, GKEekin, edota software librearen ildoko ekintza horizontalekin lotzen baitu ‘.org’ domeinu hori. Luzapen komertziala (‘.com’) litzateke, hizpide dugun kasuan, hautu zintzoena.

Hori ez da nahasmenerako baliatzen duten trikimailu bakarra, ordea. ‘B Corporation’ delako ziurtagiriak euren jardunbide soziala egiaztatzen duela diote Change.org plataforman bertan, zehazki ‘Change.org-ri buruz’ atalean: “Talde independente batek aldez aurretik definitutako gizartearekiko eta ingurumenarekiko begirune handiko jokabide-estandar jakin batzuk eskatu eta enpresaren inpaktu positiboa txalotzen duen ziurtagiria da”, diote. Ustezko “talde independente” hori, ordea, B-Lab izeneko entitatea da (ekarpen pribatuetatik edaten du %80an), diru-truke oinarri legalik gabeko ziurtagiriak igortzen dituena (lehena inbertsio pribatuko banku bati aitortu zion). Horiek ‘Benefit Corporation’ delako egiaztagiriarekin nahas daitezke; azken honek bai oinarri legala eta balio juridikoa ditu, estatuek aitortzen baitute, baina egun soilik Hawaii, Virginia, Maryland, Vermont, New Jersey, Kalifornia eta New Yorken dago indarrean; ez Delawaren.

Bestalde, Change.org plataformak ahalbidetzen dituen sinadura-bilketek ez dute inongo baliozkotasun legalik; hala izan zedin, NAN elektronikoaren erabilera eta errepikapenak edota faltsutzeak ekiditeko erregistro-kontrol mekanismoren bat ezinbestekoak lirateke. Horrenbestez, herritarrek atari digital honetatik atera lezaketen onura bakarra informalegia da benetako eraginik sortzeko.

Oihu bat basamortuan

Change.org atariaren aurkako lehen kexa indartsuak 2013ko urrian ikusi zuen argia plataforman bertan. Miguel G. Macho izeneko erabiltzaileak milioi bat sinadura bildu zituen hizpide dugun plataforma ixteko eskatuz: “Zure kontzientzia baretu eta ezer ez lortzearen truke haiek aberasten jarraitu behar al duzu? Change.org-k ez du ezertarako balio, eta herritarren itxaropenetik probetxua ateratzen du”, zioen bere testuak. Erabiltzaile honen arabera, plataformak 3,7 milioi dolarreko irabazia fakturatu zuen 2011. urtean, eta 15 milioi 2012an.

Badirudi, ordea, arrangura hura gauza isolatua izan zela, oihu bat basamortuan (kolektiboa bai, baina bilatzen zuen helburua erdiesteko beharrezko oihartzunik gabea). Izan ere, urterik urte, Change.org-i loturiko zifrek gora egin dute maila guztietan: erabiltzaile gehiago (izaera guztietakoak), eskaera gehiago, sinatzaile gehiago... salerosketarako datu gehiago; negozioa esponentzialki hazi da.

ERREPORTAJEA OSORIK: GAZTEZULO.EUS

Erantzun

Sartu