Eroskiren telefonorako app berria frogatu dugu, edo hobeto esateko bi aplikazio berriak.
Izango dira 20 urte Eroski eta beste enpresa batzuen artean Travel Club txartela sortu zutenetik. Garai hartan entzuten genuen El Corte Inglesen arrakastaren faktore garrantzitsuenetakoa izan zela beraien txartel propioa ateratzea. Ordu hartan ez zegoen tratamendu informatiko oso handirik, baina ziurrenez El Corte Inglesek zuku handia atera zion bertako txartelari. Eredu hori gogoan sortu zen Travel Club.
2015ean Eroskik estrategia aldatu du eta Travel Club-etik aldenduta bere txartel propioa sortzeari ekin dio, ziurrenez estatistika hutsetatik aparte, marka propioa indartu eta egiten dituen ekimenetan autonomia handiagoa eduki ahal izateko. Estrategia horretako pauso garrantzitsuak dira telefonoko bi aplikazioak, erabiltzaileen ohitura eta gustoen informazioa zehazteko erraztasunak emango bait die. Bestetik, erabiltzailearen fidelizazio bide bat ere bada, bezeroak Eroskiren aplikazioa soinean eramango bait du uneoro.
Online dendan erosteko aplikazioa da. Produktu zerrendan bilaketa egin, aukeratu, eta etxera ekartzeko aukera eskaintzen du. Produktuak bilaketa bidez edo menuetan nabigatuz aurkitzen dira, eta orgatxora gehitu besterik ez dago. Gainera eskaeren historikoa gordetzen du, gure produktu eskatuenak eta norberak zerrendak zehazteko aukera.
Euskarara oso ondo moldatuta dago aplikazioa, nahiz eta hasierako unean badirudien ez dagoela euskaraz. Menuetan nabigatuz aurkitzen da euskararen aukera, aktibatu eta listo. Hori bai, Eroskiren datubaseko produktu izen guztiak gazteleraz bakarrik daudenez, ezingo dituzu produktuak euskaraz bilatu eta gazteleraz egin beharra dago.
Ikuspegi zabalagoarekin egindako aplikazioa da hau, ziurrenez gure datuen azterketa eta hobekuntza buruan dutela. Online erosketarik egiten ez baduzu ere oso erabilgarria da. Eroski txartela erabiliz izena eman eta handik aurrera zure datu pertsonalak erakutsiko dizkizu. Bertan aurkituko dituzu:
Kasu honetan ere, euskaraz oso ondo dabil tresna, produktuen izendapenak salbu, esan bezala gaztelera hutsean bait daude.
Faltan bota dut Eroski fidelizazio txartelaren ordez, ordaintzean telefonoa erabili ahal izateko aukera. Horrek zirkuitua itxiko luke eta Eroskik neurtu ahal izango luke denda fisikoan erosketa egiterakoan zenbatean daukan eragina telefonoko aplikazioak. Nik pertsonalki Stocard aplikazioa erabiltzen dut. Aplikazio honetan Eroski, Decathlon, Dia, Forum edo beste fidelizazio txartel asko gordeta ditut, eta barra kode baten bitartez erabiltzen dut kutxatik pasatzean. Tamalez, Eroski denda gehienetan Laser bidezko scannerrak daude eta hauekin ezin dira telefonoko barra kodeak irakurri eta eskuz tekleatu behar izaten dituzte.
Bestelakoan, erosketa zerrendak kudeatzeko aplikazioak erabili dituenak (Out of Milk bezalakoak adibidez), Eroskikoak oraindik zer hobetu baduela sentitzen du, baina datuak Eroskin datubasetik ateratzeak asko errazten du erosketa zerrenden edizioa. Ea garapenarekin jarraitzen duen Eroskik eta ez duten aplikazioa garatzeko indarra bere horretan uzten.
Neuk ere frogatu dut eta bat nator.
Ordaintzerakoan, ordea, ordura arte ondo zebilena izorratu eta ezinean ibili nintzen, txartelaren zenbakiak sartu eta "internet konexioa berrikusi" edo erantzuten zidala. Ordurako zerrenda egina nuen ordea eta ez nuen erabilitako denbora alferrik galtzerik nahi.
Orduan, laguntza telefonora deitu, gertatua azaldu eta telefonoz egin ahal izan nuen ordainketa (txartelaren zenbakiak emanda, hori bai). Zerbitzuak oso ondo estali zuen app-arekin izandako arazoa. Eskertzekoa, benetan.
Azalpen gisa esan zidaten Android bertsio altuagoa komeni zela app-a erabiltzeko. Kontua da beste eragiketa guztiak arazo barik egin ostean, ordainketarako unean bakarrik izan nituela eragozpenak. Ez dakit bertsioaren hori azalpen logikoa ote den. Baina norberaren (denda fisikoko) erosketa ohikoenak zerrendatuta agertzea oso lagungarria da, noski. Eta hortik ondoriozta daitezken datuak ere, pagotxa Eroskirentzat.