Teknologia albisteak

EHGLko edizioaren panorama eta argitaldarien lana aztertuko dute Unai Pascualek eta Asun Agirianok solasaldi batean

Erabiltzailearen aurpegia
2016-11-10 : 13:16

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako editorea eta bibliotekaria solasean” izeneko saioa eskainiko du azaroaren 26an Donostiako Haur Liburutegi Nagusian Galtzagorri Elkarteak. Unai Pascual Denonartean argitaletxeko editoreak Asun Agiriano Arrasateko Udal Bibliotekako bibliotekariak egindako galderei erantzungo die. XXI. Mendeko argitaletxeak, argitaletxeen lan prozesua, editoreen funtzioa gizartean, katalogoak, EHGLaren panorama orokorra… aztertuko dira solasaldi honetan. Izena eman beharra dago, 23a baino lehenago (administrazioa@galtzagorri.eus).

Formazio eta informazio saio honetan irakasle, bibliotekari, idazle, ilustratzaile, editore, ikerlari, kritikari, irakurle… eta orokorrean EHGLn interesa duen edonork parte har dezake. Izena ematen dutenek gainera Unai Pascual editoreari galderak egiteko aukera izango dute saioaren bukaeran. Izena emateko azken eguna azaroaren 23a da. Lekua mugatua izango da, beraz, lehen bait lehen izena ematea gomendatzen da.

Galtzagrriko Irakurketa Mintegiaren formazio saioak

Galtzagorri Elkartearen Haur Literatura Mintegia 2007tik biltzen da hilean behin larunbat goizez. Bertako kideek haurrentzat euskaraz argitaratutako liburu guztiak irakurri eta baloratzen dituzte eta gainera haur eta gazte literaturaren esparru ezberdinetan formazioa ere jasotzen dute. Iazko ikasturtean hasi ginen mintegiko kide ez direnei ere formazio saio horietara joateko aukera zabaltzen.

Hala, aurtengo ikasturteko lehenengo formazio saioa azaroan 26an izango da EHGLko edizio lanaren eta editorearen lanbidearen inguruan. Oraingoan, elkarrizketa formatua izango du: Unai Pascual Denonartean argitaletxeko editoreari Asun Agiriano bibliotekariak egingo baitizkio galderak. 

EHGLko argitaletxeen panorama

Munduan, ugaritzen ari dira argitaldari txiki eta independenteak. Espainiako Estatuan, esaterako, 2016an 140 argitaletxe txiki independente baino gehiago jaio dira. Argentinan dagoeneko argitaletxe guztien %90 osatzen dute argitaletxe txiki eta ertainek.

Argitaletxe independente eta txikien ezaugarriak hauek direla esan ohi da: langile gutxi dituzte, sare sozialetan presentzia izaten dute eta feedback-a irakurleekin, liburu-dendekin konplizitatea izaten dute, kalitatezko literatura bilatzen dute, egile berriak deskubritzen dituzte, formatu berriak plazaratu, merkatuaren aginduetara ez dagoen Katalogoa osa dezakete…

Argitaletxeen nazioarteko testuinguru honen baitan, 2009an sortu zen denonartean argitaletxea. Bertako argitaldari da Unai Pascual. Argitaldari izateaz gain, 15 urte daramatza liburuaren munduan lan egiten: azoketan, liburu dendan, liburutegian, banaketan, sorkuntzan eta argitaletxean. Irakurle eta liburu erosle amorratua da.

 

Asun Agiriano 1991tik ari da Arrasateko Udal Liburutegian irakurketa sustatzen. Baina, Haur eta Gazte Literaturaren esparruan ibilbide luzea egina du: EHGLko liburu gidetan kolaboratzen, komunikabideentzako liburuen kritikak gauzatzen, hitzaldiak eskaintzen, mahai-inguruak moderatzen… 2006tik 2011ra Galtzagorri Elkarteko lehendakari izan zen eta 2012ra arte Galtzagorriko zuzendaritza batzordeko kide. Besteak beste, Galtzagorriko Klis-Klasikoak liburu bildumaren sorkuntzan lan egin zuen eta egun Behinola aldizkariko erredakzioko kide ere bada.

Azaroaren 26ko saioan Pascualek Agirianoren galderak erantzungo ditu, izena ematen duten guztien aurrean. Eta hala, EHGLaren panorama aztertuko dugu, editore lana zertan den jakingo dugu, editorearen funtzioa zein den arakatu…

Esan bezala, saioa, Donostiako Haur Liburutegi Nagusian, Fermin Calbeton kaleko, 25. zenbakian izango da azaroaren 26an, 10:00etatik 13:00etara. Izena emateko, izen-emate orria beteta eta diru-sarrera egin izanaren ziurtagiria bidali behar dira azaroaren 23a baino lehen administrazioa@galtzagorri.eus helbidera. Gehienez 35 ikaslek parte har dezakete eta onarpena izen ematearen arabera egingo da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago