Teknologia albisteak

Lauro ikastolako gazteak irabazle Galiciencia zientzia-azokan

Erabiltzailearen aurpegia
2015-11-23 : 13:38

Lauro Ikastolako Betabot taldeak jaso du Galicienciaren 10. edizioaren sari nagusia. Ourenseko Tecnopole Parke Teknologikoan ospatutako azokara joateko aukera jaso zuten apirilean Bilbon Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan. “Hezkuntzan komunikazio-kanalak irekiz” lanarekin jaso dute aitortza Ourensen Amaia Perez Etxebarria irakaslearen laguntza izan duten gazteek.

74 proiektu bildu ditu Galiziako Azokak, tartean, euskal ikertzaile gazteen ordezkarienak: Lauro Ikastolako eta Lauaxeta ikastolako ikasleenak, hain zuzen.

Lauroko Betabot taldeak hezkuntza hobetzeko helburua duen aplikazio bat garatu du. Zehazki, ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa errazten duen software bat da. Ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta autismoa duen ikasle batekin probatu zuten. Lan horrek oso harrera ona izan du Galicienciaren bisitarien zein epaileen artean. Hala, hiru sari nagusietatik lehena jaso du azokaren azken egunean..

Elhuyarrek estatuko eta nazioarteko zientzia-azokekin sinatuta dituen hitzarmenen bidez, gazteen zientzia-bizipenak indartzeko helburua du, gazteen ahalduntzean eraginez eta zientzia-bokazioak sustatuz. Bide honetatik, Galiciencian jaso duten sariari esker ere, Bartzelonako Exporecerca Azokara joango dira gazte hauek 2016ko martxoan.

Jaso informazio gehiago eta ikusi irabazleen argazkiak eta bideoak Zientzia Azokaren webgunean eta Galicienciaren Flickr albumean.

Erantzun

Sartu