Teknologia albisteak

Xamar: “Erdi Aroan euskara zen nagusi gure lurraldean, inguruan hainbat hizkuntza izan arren”

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-03 : 08:45

 Euskaldunok ere erromatartu ginen, baina guk herriaren izena eta hizkuntza gordetzen jakin genuen, inguruko auzo-hizkuntzek ez bezala. Ideia horrekin eman genion amaiera Euskara Jendea ikastaroko bigarren saioari. Hirugarren honetan, berriz, Erdi Aroan zentratuko da Xamar. Erdi Aroan hamaika hizkuntza entzuten zen gure lurraldean, baina denen artetik euskara zen nagusi.

 

 

“Eta mintzatzen direnean zaunka ari direla ematen du!”

Aymeric Picaud izeneko fraide batek, XII. mendean Donejakue Bidea egiten ziharduela, euskaldunen gainean egin zuen deskribapenarekin hasten da hirugarren kapitulu hau. Euskaldunak zikinak eta faltsuak zirela dio fraideak. Mozkorrak, lizunak, ustelak, ankerrak eta borrokazaleak. Bihozgabeak eta makurrak. Jaten zutenean txerriak ziruditela, eta  “mintzatzen direnean, zaunka ari direla ematen du; hain da basa beraien hizkuntza”. Halakoak ziren nafarrak, haren esanetan. Ezin esan, beraz, fraideak asko maite zituenik euskaldunak, baina guri benetan interesatzen zaiguna da Lizarran eman zituela egun batzuk, eta garai hartan Lizarran euskara zela nagusi. Hala ere, belarriak apur bat zorroztuz gero, erromantze nafarra, gaskoia, hebreera, arabiera eta latina ere entzun zitezkeen. Eta halaxe zen, aldeak alde, beste toki batzuetan ere.

Aldaketak Erromatar Inperioaren amaieran

V. mendearen hasieran Erromatar Inperioa hautsita zegoen, eta aldaketa handiak izan ziren bizitzako arlo guztietan. Erromatarrek luzaroan eraikitako arkitektura politiko-administratiboa ustekabean erori zen, baina ez zen erabateko kultura-haustura gertatu.  Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea den Juan Jose Larrearen esanetan, egitura handi baten kolapsoa eragin bazuen ere, Erdi Aroko hastapenetan, Europan ez zen zibilizazio-aldaketa traumatikorik izan. Tokian tokiko aristokraziak, familia handiek eta lur-jabeek egoera berrira moldatu behar izan zuten. Larrearen ustez, Inperioa puskatu egin zen, eta botere lokalak azaldu ziren, lurralde bakoitzari lotutako botereak, eta hor kokatu behar da Inperioaren amaiera, eta ez erromatarrak joan eta germaniarrak datozelako ustean.

 

Klik haundi ikusteko
Iruñeako Erresuma 824. urtean sortu zen.
Bestalde, aditu batzuen ustez, VIII. mendea funtsezkoa dugu Erdi Aroa ulertzeko. Erdi Aroko arkeologian espezializatutako Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Belen Bengoetxearen esanetan, mende horretan sortu eta indartu zen herrixka-sarea. Ez dira herri edo hiri solteak, sarea baizik. Gaur egunera arte iritsi zaigun paisaiaren hazia gorpuzten hasi zen garai hartan. Gainera, botere zentrala ahulduta zegoen eta tokiko botere berriak sortzen hasi ziren, elite berriak, tokikoak edo lurraldekoak. Botere horiek, poliki-poliki, lurraldetasun berriak sortu zituzten, eta Euskal Herrian Iruñeko Erresumaren sorrera izan zen horren adierazgarri nagusia. Eneko Aritzak 824. urtean fundatu zuen Erresuma.   

 

Euskara batu zaharra

 

Klik haundi ikusteko
Euskara batu zaharra Koldo Mitexelenaren eraikuntza teorikoa da.
Gizarte-antolamenduak ez ezik, hizkuntzek ere nozitu zuten aro berriaren etorrera. Herri germaniarrek ekarri zuten kultura-nahasketak areagotu egin zuen mintzatutako latinaren desitxuratzea, eta Erdi Aro osoan latinak hizkuntza kultua izaten jarraitu zuen arren, ez zeukan garai batean izandako balio politiko bera. Larrearen ustez, ordura arte etxean bakarrik erabiltzen zen hizkuntzak balio berria hartu zuen. Latinaren aurrean, euskarak balio berria hartu zuen estatus sozio-politikoari eusteko orduan. Balio berriarekin batera, gainera, adituen esanetan, Goi Erdi Aroaren hasieran euskarak halako batasun linguistiko bat ere izan omen zuen. Hizkuntzalariek euskara batu zaharra deitzen diote batasun horri, eta 1981ean Koldo Mitxelenak proposatutako eraikuntza teoriko bat da.

 

Joseba Lakarrak bideoan dioenez, erromatarren garaitik euskara etengabean aldatu izan balitz, euskalki modernoen ezberdintasunak askoz handiagoak izango ziren gaur egun. Euskararen batasun hori testuinguru konkretu batean jarri behar da, eta Mitxelenaren ustez Goi Erdi Aroan jarri behar dugu.

Euskal Herrian euskara zen hizkuntza nagusia 

 

Klik haundi ikusteko
Euskararen mapak aldaketak izan zituen Erdi Aroan.
Garai hartan, bestalde, euskarak aldaketa geografikoak ere jasan zituen. Alde batetik, bigarren kapituluan esan genuen moduan, lurralde zabalak galdu zituen Akitaniako lautadan eta ekialdean, erromatarren aroan hasitako joerari jarraiki. Iberiar penintsulan, baina, euskara hegoaldeko zenbait tokitara zabaldu egin zen; Goi Erdi Aroan berriro populatu ziren lurralde batzuetara, hain zuzen ere. 

 

Lakarraren esanetan, Euskal Herrian hizkuntza nagusia zen euskara. Bakarra ez, baina bai nagusia. Beraz, haren ustez, pentsatzekoa da birpopulaketa gertatu zenean euskara ere zabaldu zela jendearekin batera. Errioxan, Burgosen edo Sorian, adibidez, horren froga nahiko garbiak daude. Lurralde horietako toki-izen askok ez diote zirrikiturik uzten zalantzari. Besteak beste, Aierbe, Loarre edo Basaran izenek, mendebaldeko Pirinioetan, edo Larrea, Aizpuru edo Ezquerra izenek, Burgosen, Lakarrak dioena konfirmatzen dute. Eta toki-izenekin batera, orduko testigantzak ere badauzkagu. Adibidez, XIII. mende hasieran, Errioxako Ojacastroko herritarrek arazo bat izan zuten Gaztelako gobernadorearekin. Herritarrek euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu zuten haren aurrean, eta gobernadoreak ez zituenez aintzat hartu, preso hartu zuten. Bestalde, Huesca hiriko merkatuan hizkuntza bat baino gehiago mintzatzen zen, eta XIV. mendeko ordenantza batek arabiera, hebreera eta euskara debekatu egin zituen salerosketa-tratuetan, 30 sol ordaintzeko mehatxupean. 

Iruñea, konplexutasun soziokulturalaren adibide

 

Klik haundi ikusteko
Iruñeak hiru auzo zituen Erdi Aroan.
Hirugarren kapitulu honetan azpimarratzen dihardugun konplexutasun soziokulturalaren adibide egokiena Iruñea dugu. Hiru auzo nagusi zituen Nafarroako hiriburuak XII. mendean: Nafarreria, nafarrak biltzen zituena, eta frankoak bizi ziren San Zernin eta San Nikolas auzoak. Fisikoki elkarren ondoan bizi baziren ere, juridikoki oso komunitate diferenteak ziren. Bestalde, auzo bakoitzak bere hizkuntza izan arren, auzo-hizkuntzen ezagutza uste baino handiagoa zen. Larrearen ustez, Nafarrerian euskara mintzatzen zen, eta okzitaniera beste bietan, baina garai hartako hizkuntza-egoera nahasia zela erakusten diguten flashak azaltzen zaizkigu orduko testuetan. 

 

 

Klik haundi ikusteko
Euskararen inguruan lau erromantze zeuden X. mendean.
Erdi Aroan ohikoa zen hizkuntza-komunitateen arteko elkarbizitza, eta belarria XII.-XIII. mendeetako Nafarroara jarriz gero, dozena erdi baino hizkuntza gehiago entzun zitezkeen. Larrearen esanetan, euskara da gehien egiten dena; erromantzea, berriz, hego aldean entzuten da; okzitaniera, frantsesen komunitateetan; hebreera, juduen artean; arabiera, konkistatutako Erriberan; eta, azkenik, latina eta gaskoia. Azken hizkuntza horri dagokionez, Xamarren esanetan, Donostian ere eragin handia izan zuen gaskoiak; Urgul, Polloe, Amara eta Miramon izenak, adibidez, gaskoiak dira.   

 

Euskal Herria benetan askotariko lurra zen Erdi Aroan, baina hainbat hizkuntza eta kultura ezberdin lurralde berean izateak ez digu pentsarazi behar, inondik inora, elkarbizitza gatazkarik gabea zenik. Sarri ika-mikak eta borrokak sortzen ziren komunitateen artean, estatus politiko desberdinek eraginda. Gatazka horiek 1276an jo zuten goia Nafarroan, Nafarreriako Gerra piztean. San Nikolasekoek eta San Zerninekoek, Frantziatik etorritako armada baten laguntzarekin, zeharo txikitu zuten Nafarreria auzoa.

Erromantzeen sorrera eta diglosiaren lehen zantzuak

Erromatar Inperioa jausi zen, baina latina ez zen desagertu, eta Erdi Aroan latinak funtzio bat baino gehiago betetzen zituen; bi bereziki: idazteko erabiltzen zen latina zegoen, alde batetik (latin klasikoa), eta hiztun arruntek egiten zutena, bestetik. Hiztun arruntek egiten zutena garatzen joan zen poliki-poliki lurralde bakoitzean, eta mende luzeetako bilakaera geldoaren ondoren, X. menderako, hizkuntza erromaniko zenbait garbi bereiz zitezkeen Europako leku askotan. Euskaren inguruan, adibidez, lau erromantze zeuden: gaskoia, ipar aldean; aragoiera eta erromantze nafarra, ekialdean; eta gaztelania, hegoaldean. 

Erromantze horiek XI. mendean azaldu ziren, estreinakoz, testu idatzietan. Errioxako Donemiliaga Kukullako monasterioan, adibidez, glosak deitutako orri alboko ohar batzuk azaldu ziren liburu batzuetan latina ez zen hizkuntzaren batean. Gaztelaniaren lehen idatzitzat hartu izan dira glosa horiek; gainera, haietako bi euskaraz daude). Lakarraren ustez, horrek erakusten digu han euskaraz hitz egiten zela, eta ez banaka batzuek bakarrik; haren ustez, euskara oso zabaldua zegoen.   

XII. eta XIII. mendeetatik aurrera, oso pixkanaka, hizkuntza erromanikoak izkribuetan ere hasi zitzaizkion lekua hartzen latinari. Jabego-eskrituretan edo Elizaren paperetan gero eta pisu handiagoa dute hizkuntza erromantzeek. Euskararen presentziak, aldiz, hutsaren hurrengoa izaten jarraitu zuen. Dena den, euskara ezin zen ezkutatu, eta nonahi azaltzen da idazkietan. Horrek garbi erakusten du idazten ez zen hizkuntzan berba egiten zuela herriak. Izan ere, hizkuntza bakoitzak bere funtzioak zituen, eta ohikoa zen funtzio idatzia hizkuntza batek betetzea, eta ahozkoa besteak. Lurperatze-errituak, adibidez, euskaraz izaten ziren osorik, baina apaizak eginiko otoitzak eta oroimen idatziak latinez ziren. Lakarrak dio Jose Maria Lakarra historialariak zioela Erdi Aroan euskara Nafarroan gogoz kontra azaltzen zela. Jende gehienak euskara erabili arren (eta euskara bakarrik), kasualitatez baino ez dela azaltzen. Kultura idatzia eta nolabaiteko goi-mailako funtzioak ez daude euskarari lotuta, baina hori ez da, noski, Erdi Aroan bakarrik gertatu. Oraindik ere hala da, zoritxarrez, kasu askotan.  

Egoera diglosikoak eragin handia izan zuen herritarrengan. Izan ere, ordura arte euskaldun hutsa izatea ez zen inolako traba izan. Ordutik aurrera, ordea, itzulpenaren morroi bilakatu ziren, bai administrazio zibilean eta baita Elizaren aurrean ere. Egoera horrek erdara baloratu eta haren ezagutza bultzatu zuen, eta euskara eginkizun mugatuetara zokoratu. Orduan hasi zen  XXI. mendean oraindik indarrean dagoen prozesua. Euskal hiztunen komunitatean gertatu zen barne-desorekaren edo desegituraketaren lehen urratsak dira.

Herri-literatura herritarren gogo-beharrak asetzeko

 

Klik haundi ikusteko
Urduñako hiribilduaren panoramika. Hiribilduek gotik behera aldatu zuten gizarte-antolamendua.
XII. eta XIV. mende bitartean hiribilduak sortu ziren Euskal Herrian, eta horrek goitik behera aldatu zuen gizarte-antolamendua. Erdi Aroan, estreinakoz, harreman estua sortu zen hiriaren eta haren inguruaren artean. Arrazoi ekonomikoak ez ezik, interes politiko-estrategikoak ere izaten ziren hiri-kartak ematerakoan. Helburua jauntxoak ahultzea eta lurraldea kontrolatzea zen, eta Erdi Aroaren amaieran burgesia sortu berriaren eta aristokrazia zaharraren arteko tentsioak larriagotu egin ziren. Errege-erreginen laguntzarekin, burgesia gailendu zen, eta hirietako burgesiak jabetu ziren botere politikoaz. 

 

Egoera horri lotuta daude garai hartan sortutako ipuin, bertso eta kantak. Garai hartan banaka batzuk baino ez ziren latinez edo erromantzez idatzitako liburuak, eta, gainera, euskaldun gehienek ez zekiten ez erdaraz, ez eta irakurtzen ere. Ondorioz, ahozko literatura bizi-bizirik zegoen herritarren artean. Gainera, herri-literaturak garaiko euskararen berri ere ematen digu, eta Lakarrak esaten digunez, herri-literatura tradizionalak aurreko mendeetako hizkuntzaren ezaugarriak gordetzen ditu, bestelako lekukotasunek baino hobeto. Hala, XVI. mendean bildutako kantuen bitartez, XV. edo XIV. mendeetako euskara antzeman dezakegu, gutxi edo asko. 

Herri-literaturak, azken batean, herritarren gogo-beharrak asetzen zituen: gertaerak deskribatzen zituen, istorioak asmatzen, mitologia transmititzen, balioak erakusten ... Garaian garaiko mundu-ikuskera zabaltzen zuen jendearen artean. 

Euskaraz urrutiko lurraldeetan

 

Klik haundi ikusteko
Euskara trukerako eta harremenetarako hizkuntza izan zen Ternuan
Aro Modernoaren atarian euskarak Euskal Herriko hizkuntza nagusia izaten jarraitzen zuen, inguruan eta aldamenean hamaika hizkuntza eta kultura izan arren. Xamarren esanetan, egoera horretan aurrera egiteak oraindik eta meritu handiagoa du. Baina euskara ez zen Euskal Herrian bakarrik berba egiten. Ordurako, euskal arrantzaleek hamarkadak zeramatzaten Ternua aldeko itsasoetan nabigatzen, eta euskara, bere txikian, urrutiko lurralde haietan ere bazen trukerako eta harremanetarako hizkuntza. 

 

Datorren astean Aro Modernoan sartuko gara, eta ikusiko dugu euskaldunon hizkuntza-komunitatearen galtze -eta gutxiagotze-prozesua Frantziak eta Espainiak egungo mugak finkatu zituztenean abiatu zela. Xamarren esanetan, euskararen galera-prozesua, besteak beste, administrazioa edo eliza elebidunak izatetik elebakarrak izatera pasa zirenean hasi zen, eta horren adibide bat baino gehiago eman zigun.   

Erantzun

Sartu