Teknologia albisteak

Bildu: Zero gardentasun

Erabiltzailearen aurpegia
2015-03-16 : 12:49

Bilduk auzitegietan galdu egin du eta burua galdu du EAJren aurka salaketa faltsua jarriz

Atzera begira aurrera egin nahi duenak, aurrez aurre talka egiteko arriskua du. Eta horixe da Bilduri Beasainen gertatu zaiona. Aurrera egiteko ezintasun agerikoaren aurrean iraganean itsuturik aztarrika egiten aritu da eta legearekin egin du talka, izan ere, bidegabe eta zuhurtziagabe epaitegietara eraman du Patxi Plazaola alkate ohiaren kudeaketa, “Bista Alaiko luiziak kaltetutako bizilagunei 230.243,56 € oparitu zizkiela…”  arrazoibide hartuta.

Patxi Plazaola alkate-ohiaren aldeko epaia

Koldo Agirrek eta Aitor Larburuk, Beasaingo alkate eta alkateordeak, aurkeztu zuten Ministerio Fiskalaren aurrean zehapen espedientea; “prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik ustez bi delitu egin izanaren zantzuak zeudela” salatzen zuen txosten juridikoarekin batera. Hau 2014ko maiatzaren 21ean gertatu zen.

Espero bezala, hilabete eta erdi geroago, 2014ko uztailaren 8an, Gipuzkoako Lurraldeko fiskalburuak “Bista Alai kasuko ikerketa-izapideak artxibatzea” ebatzi zuen, Beasaingo Udalak (Patxi Plazaola alkate zela) zuzen jokatu zuela iritzita.

Bilduk mehatxu egin bai, baina errekurtsorik aurkeztu ez

Epaia kolpe latza izan zen Bilduren udal gobernuarentzat; argudio gabe utzi zuen arren, publikoki zabaldu zuen zehapen espedientearekin aurrera egingo zuela. Ez zen, baina, halakorik gertatu.

Errekurtsoa aurkezteko epea iraungi zen eta gaurdaino ez dugu espedientearen izapideaz inongo informaziorik eskuratu, nahiz formalki eskatua dugun. Hain larriak izanik Patxi Plazaola alkate ohiari leporatzen zitzaizkion karguak, ezin uler dezakegu Bilduk atzera egin eta guztia ahaztu nahi izateko dituen arrazoiak. Benetan, ez dugu ulertzen!

Bilduk lehengo lepotik burua!

Auzia gure alde amaitu ondoren, Bilduk EAJren aurka erakutsitako grinak utzi digun samina geratzen zaigu. Publikoki entzun genituen “Bista Alain 230.243,56 € falta dira” moduko esaldiak eta “Aitor Aldasoro, non daude 230.243,56 euroak?” zioten kartelak irakurri. Salaketek ez zuten funtsik, baina Beasaingo Udalaren aurreko ordezkariekiko amorruz beteak zetozen.

Istorio honetan xahututakoaren berri emateko eskatzen diogu Bilduri

Guzti honen ostean, Bilduko Udal Gobernuari gogor eskatzen diogu Beasaingo herriari aitor diezaiola zehapen espedienteak eragin duen kostua, bufeteen ordainsariak eta teknikarien lan-orduak barne hartuta. Ez diegu gehiago eskatuko bai publikoki, bidegabe eta beharrik gabe salatu zituzten pertsonei, bai haien familiei eragin dieten giza kaltea aitortzea ezinezkoa zaienei.

Esker ona

2007-2011ko legegintzaldian irtenbide egokia bideratu zuten udal talde guztiei, Bista Alain luiziaren ondorioz etxebizitzarik gabe geratu ziren familia osoentzat. Gizalegezko jokabidea eta sozialki aproposa; Bilduk, ordea, asmo gaiztoz delitu bihurtu nahi izan duena. Justiziak berak itxi du auzi desatsegin hau eta behin betiko artxibatu du auzia.

Argazkia: Goierriko Hitzarena da eta beraien CC lizentziari esker ekarria.

Erantzun

Sartu