Teknologia albisteak

Mugikaria hedabide bilakatu da, Etzi.pm eta Gananziaren laguntzarekin

Erabiltzailearen aurpegia
2015-06-22 : 12:01

Gaurdanik, Mugikaria hedabide bat ere bada. Aurtengo otsailean kaleratu genuenetik, gailu mugikorrretarako albiste-aplikazio soila izan da, baina zerbait gehiago da. Bere xumean, mugikorrerako lehen euskal "hedabide natiboa" da (ez erdaraz ez euskaraz, ez dugu uste aurrekaririk dagoenik). Sarean komentatu den aktualitatearen laburpenaz gain, bi atal berri ditugu menuan: Saretik jasoko ditugun artikulu osoak (eduki libreak, jakina), eta Eduki Esklusiboak. Hauetan Etzi.pm eta Gananzia agerkariek kolaboratuko dute.

Oharra: aukera berriak ez badituzu ikusten menuan zure menuan, berriztu zure Mugikaria Google Play edo iTunes aplikazio-kudeatzailearen bitartez, eta orduan agertuko zaizkizu.


Eduki Esklusiboen alorra hiru partaidetzarekin osatuko da: Sustatu, Etzi.pm eta Gananzia agerkari digitalekin.

Bai Etzi eta bai Gananzia, bazkidetza/harpidetza modelo batekin ausartu diren euskal blogak dira. Gananzia gaztelaniaz ekoizten du Alianzo enpresak eta Jose Antonio del Moral Interneteko adituak editatzen du. Mugikariarako aukeratuko diren artikuluak euskaratuak egongo dira, noski. Etzi.pm Talaios kooperatibak kudeatzen du, eta Aiert Goenagak (Durangoko Azokako zuzendari izana) koordinatzen du.



Gananzian zein Etzin, badira artikulu batzuk irekiak direnak irakurle guztientzat, baina beste batzuk, harpidedunentzat bakarrik dira (hemen Etzikoak, adibidez). Orain, Mugikarian ere irakurri ahal izango dira eduki horien artean aukeratutako batzuk.

Bestalde, Sustatun ez dago halako alor gorderik, baina CodeSyntax-ek ekoizten duen blog honetarako prestatutako eduki batzuk lehenago agertuko dira esklusiban Mugikarian, Sustatun baino.

Artikulu honetako edukia, 9etan agertu da Mugikarian, orain hau Sustatun baino ordu batzuk lehenago.... Ez da asko, baina tira, beste eduki batzuei kuarentena luzexeagoa jarriko diegu. Adibidez, Markel Olanoren adierazpenen artikulua. Kasuan kasuan jokatuko dugu.

Etzik ere antzera jokatuko du eduki batzuekin: lehenbizi Mugikarian eta bere bazkideentzako alor pribatuan; geroago irekian guztientzat.

Eduki mota berri hauek, tarteka, Mugikariaren ohiko edizioetan agertuko dira, baina aldameneko menutik ere egongo dira eskuragarri.

Eduki Esklusiboak diogunean, ez dugu esan nahi Mugikarian itxita geratuko direnik. Etzi eta Gananziakoak sarean daude, izatez, dagoeneko, eta Sustaturekin lotutakoak, une honetan ez badaude, laster egongo dira.

Era berean, artikulu hauen amaieran aukera bat du erabiltzaileak, testua zuzenean jasotzekoa:



Aplikazioan zaudenean, sakatu jaso testua botoi horretan, eta zure postontzira joango da artikuluaren edukia. Eta berrerabili ahal izango duzu, gainera, nahi baduzu. (Funtzio hau ondo dabil Android bertsioan, iOS-en arazoekin gabiltza, barkatu). Aplikazioaren menuko Zer da Mugikaria orrian zehaztu dugun bezala, Creative Commons Aitortu Partekatu (cc-by-sa) lizentziarekin esleitzen dugu eduki hori.

Mugikaria instalatzeko:

Erantzun

Sartu