Euskarazko albiste-aplikazio bat aurkezten dugu gaur:
Mugikaria (
Android /
iOS). Mugikor eta tabletetarako egina, eguneroko bi ediziotan euskaraz sarean sortzen diren albisteez informatuko zaitu.
Sinple eta zuzena da
Mugikaria: goizeko 9etan eta arratsaldeko 18.00etan osatuko ditu bere edizioak, eta abisua bidaliko dizu mugikorrera ordu horietan aplikazio instalatua baduzu.
Sarreran albiste nabarmendu bat dago, eta gainerakoak, hiru eta dozena bat albiste artean izan daitezke hautatuak. Nola albisteak iturri desberdinetatik ateratzen diren, soilik testu labur bat eskaintzen da bakoitzarekin: osorik irakurtzekotan, esteka ireki eta jatorrizko webgunera joango zara.
Albiste bakoitzaren osagarri gisa,
Umap euskarazko txio biltzailearen bidezko txio aukeratu batzuk ikusiko dituzu.
Android eta
iOS sistemetarako egina dago aplikazioa.
Beste albiste aplikazio batzuk
Mugikaria egiteko beste albiste aplikazio batzuetan inspiratu gara. Bereziki,
Yahoo News Digest, baina baita ere
Circa eta
The Economist Espresso.
Hiruek soluzio grafiko berdina proposatzen zuten: azal bat, argazki nabarmen bakarrarekin, eta titular zerrenda murritz bat haren azpian. Baita ere, edizioen kontzeptua; eguneko bi Circa eta Yahooren kasuan; lanegun bakoitzeko bat Espressorekin.
Albiste bakoitza landuago dago aplikazio horietako bakoitzean Mugikarian baino, hori bai (guk txio selekzio bat gehitzen dugu, ez gehiago). Baina printzipio bera dago atzean: selekzioa, hautespena; eta ez aplikazio oro-emale eta superkonpleto bat webgunearen edukiak errepikatzen dituena. Uste dugu irakurketa mugikorrerako, bereziki telefonoan, hautespen zehatz batek bolumenak baino balio handiagoa duela. Hautespenaren balioa bereziki ikusten da martxan The Econosmist Espresson: eguneko 6 edo 7 albiste eskaintzen dizkizu, baina doako bertsioan bakarra klikatu dezakezu. Irakurlea behartzen da, nolabait, beste aukeratze ariketatxo bat egitera.
Lehen bertsioa, aukera gehiagoren esperoan...
Mugikariaren lehen iterazio edo bersio bat da gaur publiko egiten duguna. Aurrera begira, harreraren arabera, eduki landuagoak izatera irits daitekeela uste dugu. Partaidetzetarako ere irekia dago atea.
Selekzio printzipioa, izatez, testu landuagoekin lotu nahi genuke. Baita, zergatik ez, luzeagoekin. Uste dugu irakurketa luzea bateragarri dela mugikorraren esperientziarekin, beste batzuek kontrakoa sinetsi arren.
Era berean, informaziorako pantaila nagusia mugikorra izango da hemendik gutxira, orain ez bada. Aplikazio mugikorren eta informazio iturrien sinbiosi berriak gertatuko dira. Snapchat-ek, duela hilabete aurkeztu zuen AEBetako bere erabiltzaileentzako
Discover luzapena, hainbat hedabideren informazio-pilulak zabaltzeko tresna gisa.
Hortaz, menu labur samar honetan gauza gehiago jartzea posible izan daiteke.
Bilatu Mugikaria Google Play edo iTunes dendetan eta instalatu.
Ez dakit gehiegi galdetzea izango den, baina horra duda pare bat: Albisteen hautapena nondik egiten da? Euskarazko komunikabideetatik soilik, euskarazko blogetatik ere, Twitterren agertzen diren euskarazko edukidun estekak...
Eta beste aldetik, suposatzen dut hautaketa automatikoa dela. Kasu horretan, ze irizpideren arabera egiten da hautaketa hori (gutxi gora behera, algoritmo zehatza berdin zait): esteka berdinaren txio-bertxio kopurua, estekek izandako bisitak...