Teknologia albisteak

Gabonetarako, animaziozko filmak, euskarazko azpidatziekin

Erabiltzailearen aurpegia
2016-12-14 : 10:31

Orain zortzi urte pasatxo, 2008ko udan, abiatu zen Azpitituluak.com proiektua, euskaldunei pelikulak bertsio originalean ikusteko aukera eskaintze aldera, euskarazko azpidatziekin; tartean, gazte euskaldunak. Eta erabiltzaile gazteenei begira pentsatu dugu orain sustapen kanpainatxo hau.

Harrezkero, Azpitituluak.com indartzen joan da, bertan gero eta jende gehiago hasi da pelikulak euskaratzen, eta gaur egun erreferentziazko toki bihurtu da euskarazko azpidatzien alorrean.

Datuek horixe erakusten dute: gaur egun osotara 540 film luze daude Azpitituluak.com-en euskaratuta. Eta horietatik 37 dira animaziozkoak, gehienak publiko gazteari bideratuak. Horiek dira *collage* honetan aurkezten ditugunak. Hor jendeak denetik aurkituko du: Disney konpainiaren klasikoak, Japoniatik etorritako film ederrak, Pixar faktoriaren pelikula esanguratsuenak, Laika eta Illumination konpainiek eginikoak, eta aurten bertan kaleratutakoak, besteak beste.

Pelikularik ikusienak

Azpitituluak.com-en badakigu gaztetxoek gustura ikusten dituztela animaziozko filmak. Hemen aurkeztu dugun sortan, hauek dira oraingoz 10 ikusienak:

Gonbita gurasoei eta gaztetxoei

Azpitituluak.com webguneak altxor txiki bat dauka animaziozko filmei dagokienez, baina oraindik guraso eta gaztetxo askok ez dakite zelako harribitxiak dauden hor, denen eskuragarri.

Beste horrenbeste esan daiteke ingelesa lantzen duten ikastola, eskola eta hizkuntza-akademiei dagokienez: oraindik askok ez dakite hor zer altxor daukaten, euren ikasleekin ingelesa euskaratik lantzeko.

Denek izan beharko lukete kontuan film hauek bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin ikusita, gaztetxoak, ondo pasatzeaz gain —film hauetako gehienak zoragarriak baitira—, irakurketa ari direla lantzen, euskarazkoa, eta belarria ohitzen ingelesez entzutera, elementu bat oso praktikoa ingelesa errazago ikasteko, beste herrialde batzuetan frogatu den moduan: Eskandinabian, Herberehetan, Portugalen, etab.

Horregatik guztiagatik, Azpitituluak.com proiektuak gonbidatu nahi ditu guraso eta gaztetxo euskaldunak, Gabonetako oporretan gure webgunera hurbildu eta ikus ditzaten bertan dauden film ederrak.

(eskerrik asko Goio Arana eta Joxe Aranzabal azpidazlei, sustapen ekintzatxo honetako kartela apailatzeagatik, hemen dago tamaina osoan)

Erantzun

Sartu