Teknologia albisteak

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola mahai-ingurua, urriaren 5ean

Erabiltzailearen aurpegia
2016-10-01 : 10:01

Datorren asteazkenean, urriak 5, mahai-ingurua antolatu dugu Ilusionista Sozialen Mintegiko II Jardunaldien baitan euskararen normalizazioan azken urteotan gauzatu diren zenbait ekimen aztertu eta batez ere, aurrera begirako proposamenak eztabaidatzeko asmotan. Eztabaida horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu Eskolaren lekua aztertzea, euskalduntzean eta kale-erabileran duen eragina sakonago ulertzeko. Donostiako Magisteritza Ikastegian, urriaren 5ean arratsaldeko 16.30etan. Izena emateko: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea.

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola mahai-ingurua

NON
Donostia (Gipuzkoa), Magisteritza Ikastegia (Oñati plaza 3, z/g), Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (Euskal Herriko Unibertsitatea). 1.1 gela.

NOIZ
Urriaren 5ean, 16:30etatik 20:30etara (ez da ezinbestekoa saio osora etortzea)

SOLASKIDEAK

  • Iñaki Biain, hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean
  • Zigor Etxeburua, Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari, Kontseiluan teknikari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari ohia
  • Ainhoa Ezeiza, ISM taldeko ikertzaile nagusia
  • Moderatzailea: Nahia Delgado, hezitzailea eta Lehen Hezkuntza Graduko Atzerriko Hizkuntzan espezialdua


IZENEMATEA
Ez da beharrezkoa.
Jardunaldietako beste saio batzuetan parte hartu nahi bada eta egiaztagiria eskatu nahi bada, orduan hemen eman behar da izena: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea

JARDUNALDIEN INGURUKO INFORMAZIO GEHIAGO
http://www.ehu.eus/eu/web/ism/donostia-2016-10

Azken bi urte hauetan, hausnarketa sakona egiten ari gara hizkuntzaren -eta bereziki euskararen- irakaskuntza moduen inguruan. Hizkuntzaren didaktikan egindako paradigma aldaketek estrukturalismotik ikuspegi komunikatibora eraman gaituzte, baina berdin egiten dugu talka muga handi batekin: irakasten den hizkuntza ez da “benetakoa”, egiantzekoa da, bai, testuinguratze komunikatiboari esker, baina simulazioan mugitzen denez, ez ditu elkartzen pentsatzeak, egiteak eta sentitzeak. Ondorioz, irakasten dugun hizkuntza kultura instituzionalean oinarritzen da (erabilera arauak, alderdi formalak, testuen gramatikak... hizkuntzalaritzatik hartutakoak gehienbat) edo agian, berrikuntza prozesuen ondorioz, masa-kulturan (youtubegintza, sare sozialetako hizkuntzen errepikapena...), baina alde batera utzi ditugu kultura herrikoiak.

Gure ustez, hizkuntzen irakaskuntza ahozkotasunetik abiatu behar da. Ahozkotasuna ez da ‘ahoz esatearen’ baliokidea, ahozkotasunak konplexutasunean du bizitza, hau da, osagabetasunean, inperfekzioan eta ziurgabetasunean; ez ditu bereizten pentsatu/sentitu/egin eta mugimenduan gauzatzen da, elementu paralinguistiko eta estralinguistikoetatik haratago, jendearekin gorputz osoz, ingurune natural eta sozialean dauden bitartekoak erabiliz (adierazpen plastikoa, fisikoa, natura eta gizarteari lotutakoa).

Hori da hizkuntzaren eta hezkuntzaren jabe-gabetzearen formulazioaren oinarria eta horretan ari gara lanean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Ilusionista Sozialen Mintegia deitu dugun UPV/EHUko ikerketa-formakzio taldean. Eta eztabaida irekitzeko, zabaltzeko eta partekatzeko, Ilusionista Sozialen Mintegiaren II. Jardunaldietan gai horri bete-betean heldu nahi izan diogu, hortik jardunaldien izenburua: NORENA DA HIZKUNTZA? KULTURA HERRIKOIAK ETA JABE-GABETZEA.

Agustín GARCÍA CALVOren pentsamenduak izan dira, besteak beste, jardunaldi hauen inspiragai, eta horregatik bere “Norena da hizkuntza?” artikuluaren izenburua hautatu dugu lelo gisa. Funtsean, hizkuntza kultura herrikoien bihotzean kokatu nahi genuke eta horrek zer esan nahi duen landu. Jardunaldien asmoa da hizkuntzen trataeraren inguruko hausnarketan sakontzea, Agustín GARCÍA CALVOk planteatu zuen ideia honen inguruan:

'Jaun-andreok: hizkuntza ez da inorena; konplexutasun zoragarriko makina hori, zuek zeuek darabilzuena, "herriyak bizilagunakin hitzeiteko dabilen hoixe", ez da inorena'.

Horregatik, ezinbestekoa iruditu zaigun euskararen normalizazioan izan diren lege eta esperientziei atzerako begirada bat ematea, ondo egindakoak jaso eta aurrera begirako proiekzioa egiteko. Eta horrekin batera, uste dugu ezin dela bereiztuta planteatu Eskolaren lekua, Euskara eta Eskola, euskararen irakaskuntza-ereduak, motibazioan eragiteko esperientziak... ere aztertzea.

Asmoa ez da, inolaz ere, kritika hutsean edo iraganaren birpasa hutsean geratzea; horregatik deitzen diegu jardunaldiei 'formaKzio'; eztabaida zabaldu nahi dugu etorkizuna kolektiboki eraikitzeko gogoz.

Jardunaldien inguruko informazio gehiago gure formakzio-ikerketa taldearen webgunean:

http://www.ehu.eus/ism/

Erantzun

Sartu