Aaron Swartz gogoan
Sustatu 25 urte sortan 2013ari begira, Twitterren oinarrituta martxan genuen Saretik albistegi automatikoaren bidezko albiste bat, jatorria Argian zuena: Aaron Swartz hil zela, Internet libre eta ireki baten aldeko ekintzaile eta hackerra suizidatu egin zela.
Jabetza itxia eta ordainpekoa zen ezagutza zientifikoko multzo bat askatu zuen Swartzek. Aldizkari zientifikoen JSTOR biltegi ordainpekotik 70 GB eduki jaitsi eta askatu zituen.
JSTORrek auzia jarri zion, eta fiskaltza publikoak izugarrizko krimena izan balitz bezala tratatu zuen: prozesua ireki zioten 2012an, eta 50 urte arteko espetxe zigorra eta milioi bat dolarreko isuna jasan zezakeen Swartzek. Epaiketa gainera zetorkiolako presiopean, 2013ko urtarrilaren 11n bere buruaz beste egin zuen Swartzek, 26 urte zeuzkala.
Urteen perspektibarekin Swartzi egin zitzaiona gaur egungo eduki lapurreta orokortuarekin alderatu daiteke. Adimen Artifizialaren (AA) erraldoi guztiak, AEBetakoak, Txinakoak eta edonongoak, aritu dira eta aritzen dira egunero esku artean harrapatzen dute idazki, irudi, soinu eta edozer kopiatzen beren AA makina komertzialak antolatzeko.
Swartzek harrapatutakoa LibGen bezalako biltegietara joan zen... eta LibGenetik hain zuzen, Metak 81.7 Terabyte liburu deskargatu zituen 2025ean. Mila bider Swartzek egina, iturri bakar batetik. Metako buru Mark Zuckerbegek edo industria horretako beste edozein exekutibo jaso du demandarik kartzela eta isunekin? Ez. Libre dute lapurreta.
Erantzunak kargatzen...