Teknologia albisteak

Nola euskaratu zure iPhonea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-31 : 09:36

Zure Hatz Marka Euskaraz kanpainarekin bat eginez, tutorial bat jarraian, nola euskaratu dezakezun zure iPhonea. Batetik, albiste txar bat, Apple etxeak ez du euskaratu nahi bere iOS sistema eragilea, iPhoneetan dabilena. Hala ere, funtzio batzuetarako hizkuntza bat hobesten duzula markatu dezakezu, eta hor euskara agertzen da. Horrek baditu onura batzuk eta jarraian azalduko dizugu nola egin euskaratze partzial hori.

 

Hizkuntza parametroetan euskara hobetsiz gero, iPhoneak orokorki erdaraz jarraituko du, baina datak eta parametro solte batzuk euskaraz agertuko zaizkizu pantailan. Baina interesgarriena da aplikazio batzuk irekitzean, euskara lehenetsita edukiz gero, euskaraz agertu zaizkizula, adibidez Youtube aplikazioa.

Era berean, euskarazko hobespenarekin Safari edo beste nabigatzaileekin webgune euskaldun ondo egokituak bisitatzean, lehen hitza euskaraz emango dizute webgune horiek. 

Orduan, nola egin euskara horrela hobesteko iPhonea? Ezarpenak ukituz:

  • Gaztelaniatik abiatuta: Ajustes > General > Idioma y Región > Otros idiomas > euskera bilatu > eta lehenetsi
  • Frantsesetik abiatuta: Réglages > Général > Langue et région > Ajouter une langue > Euskara

Azalpen hauek, bideotutorial gisa, Aitziber Garmendiaren iPhonearen eskutik:

Esan bezala, honek ez du iPhone bat osoki euskaratzen, baina elementu batzuk bai. Irudi honetan, azaleko irudi bat non data euskaraz agertzen den, eta Youtube aplikazioaren pantaila bat, euskaraz txukun.

Eusko Jaurlaritzak Zure Hatz Marka Euskaraz kanpaina sustatzen hasi da aste honetan, mugikorretan sistema euskaratu dezagun. Bideotutorialak prestatu dituzte nola euskaratu modelo erabilienak, eta lehiaketa bat ere bai, TikTok eta Instagram bidezkoa, #EginEragin izenekoa.

Azaroaren 11 arte dago irekia kanpaina, eta 13 eta 25 urte bitartekoei zuzenduta dago. Parte-hartzaileak euskarazko bideo bat igo beharko du bere profilera (Tik-Tokera edo Instagramera), lehiaketaren gaiarekin lotura duena eta #EginEragin traola duena.


Bideoak 15 segundo eta 60 segundo bitartean iraun dezake. Bi sari emango dira, plataforma/lehiaketa bakoitzeko bat, Xiaomi Mi 101T 5G telefonoak.

Gaia: euskarazko teknologia mugikorra... kanpainaren zioa bera, telefonoak nola euskaratu daitezkeen, horren inguruko piezak.

Parte-hartzaileek Tik-Tok eta Instagrameko gozatu_sarean_euskaraz profilak jarraitu beharko dituzte.

Informazio gehiago, hemen

https://www.gozatusareaneuskaraz.eus/eu/lehiaketako-baldintzak


https://www.instagram.com/gozatu_sarean_euskaraz/

https://www.tiktok.com/@gozatu_sarean_euskaraz

Gainerakoan... tira, hobeto Android telefonoak, askoz ere euskaragarriagoak.

Erantzun

Sartu